Koronabirus kasu berri bat Debabarrenean: Ermuan

Koronabirus kasu berri bat Debabarrenean: Ermuan
2020/05/30 12:48
eta kitto!
Maiatzaren 12tik ez zen koronabirusa kasu berririk atzematen Debabarrenean, baina gaur Osasun Sailak argitaratutako txostenaren arabera Bizkaian atzemandako 6 kasu berrien artean dago Ermuan atzemandakoa.

Ermuan ez zen kasu berririk atzematen maiatzaren 7tik eta kasu honen agerpenarekin 22 eguneko barealdiari  koxkatxo bat ezartzen zaio. Horrela, gaur egun 168 lirateke Ermuan metatutako kasu positiboak. Ikusiko dugu datozen egunotan eboluzioa zein den.

Edozein kasutan gaur argitaratutako txostenak, zuzenketak ere ekarri ditu, izan ere, herenegun Gipuzkoan (Donostian) atzemandako kasu berria "positibo faltsua" izan dela adierazten da eta bestetik atzo Mendaroko Ospitalean COVID19 gaitza zela eta gaixorik ez zegoela adierazten bazen ere, gaur, atzo bat zegoela adierazten da eta gaur aldiz 2 direla jasotzen du. Kasu honetan ere  bihar edo etzi ikusi beharko dugu ia zuzenketarik ematen den edo alta emandako berrospitaleratzeak diren.

Eibarrera etorrita gaur 3 aste betetzen dira gure herrian koronabirus kasu berririk atzematen ez dela, baina Ermukoa ikusita (han ere ez da 22 egunetan kasu berririk atzeman), argi dago oraindik ere gure artean dagoela Covid 19a.

Eibarko Ospitalean aldiz, lagun bat gutxiago dagoela ingresatuta jasotzen du txostenak.

Horrela atzo Mendarokoan 0 eta Eibarkoan 12 lagun zeudela jasotzen zuen txostenak, baina gaur Mendaron 2 eta Eibarren 11 daudela jasotzen du txostenak. (gaurko txostenean atzo Mendaron lagun bat zegoela adierazten da)