Kritika ugari jaso ditu ikasturte amaierarako Jaurlaritzak aurkeztu duen hezkuntza planak

Kritika ugari jaso ditu ikasturte amaierarako Jaurlaritzak aurkeztu duen hezkuntza planak
ETA KITTO 2020, Mai 07


Gaur aurkeztu die Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Kontseilariak ikasturtea bukatzeko plana sindikatu eta hezkuntza eragileei. Osasun-egoerak aukera ematen badu, Batxilergoko 2. mailako, Goi Mailako Lanbide Heziketako (1. eta 2. mailetakoak) eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira; DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleak, berriz, maiatzaren 25ean itzuliko dira. Itzulerak ikasle zein irakasleen osasun neurriak aurreikusten ditu, espazioak uztea, ordutegi trinkoa edo jantoki zerbitzua kentzea.

Hauek dira planteatutako neurriak:
Espazioak. 1,5 metroko tartea utziko da eskola-postu bat eta bestearen artean.
Maskarak. Ikasleek zein irakasleek, eta baita gainerako hezkuntza-profesionalek ere musukoa jantzita erabili beharko dute eskola-esparruan dauden bitartean.
– Ikastetxera iritsiera. Ikastetxeko zuzendaritzak modu mailakatuan antolatuko ditu ikastetxeko sarrera-irteerak.
Sarbideak. Bi sarbide dituzten ikastetxeek zehaztuko dute zein den sarrera eta zein irteera, beti norabide bakarrekoak izango direlarik.
Jolastokia. Hainbat txanda ezarri, ikasle guztiek ordu berean bat egin ez dezaten.
Jantokia. Osasun eta segurtasun neurriak lehenesteko, ikasturte amaieran jantokiko zerbitzu osagarria ez da abian jarriko.

Sindikatuak haserre Uriartek aurkeztutako planarekin
Sindikatuak haserre azaldu dira Uriartek azalduriko planarekin eta salatu dute sindikatuekin «negoziatu eta elkarbanatu» gabeko plana dela aurkeztu duena. ELAk salatu du ez dela inolaz ere sindikatu eta eragileek aldarrikatu duten plana eta nabarmendu du hezkuntza sailak «aurreikuspen eta planifikazio» falta erakutsi duela. Hala, segurtasuna mantentzeko bestelako neurriak hartzeko eskatu du ELAk, ikasleei tenperatura hartzea eta eskolak desinfektatzea esaterako. Steilasek ere gogor kritikatu du Uriartek aurkezturiko plana eta hainbat eskaera ere egin dizkio Hezkuntza Sailari: ikasleen eta langileen osasuna bermatuta dagoenean soilik berrabiarazteko aurrez aurreko eskolak, etapa guztietan ratioak jaisteko eta beharrezkoak diren langileak kontratatzeko.

Ikasgeletan ratioen jaitsiera egongo dela iragarri du Hezkuntza sailburuak, gelako 15 ikasle izango direla aurrerantzean. Ikasle kopurua jaitsiko bada, irakasle gehiago beharko direla adierazi dute sindikatuek, eta LABek nabarmendu du irakasle baten esku ezin dela egon bi gela kudeatu eta tele-ikaskuntzan dituen gainerako ikasleei arreta egitea. Itzultzeko plana langileekin aztertzea ezinbertzekoa dela esan du LABek. Norbera Babesteko Ekipoak eskatu ditu irakasle zein ikasleentzat. Gainera, maskaren banaketa Eusko Jaurlaritzaren ardura dela adierazi du LABek eta eskatu du babeserako materialik egon ezean ikastetxeak ez irekitzeko.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Haurreskolak, aparkaleku
Hiru sindikatuen ustez haurreskolak ez lirateke ireki beharko eta kritika sakona egin diote Jaurlaritzaren planteamenduari. 0-1 urteko ikasleen kasuan, bi gurasoak etxetik kanpo lanean ari badira haurreskolara eraman ahal izango dute seme-alaba, eta ikuspegi horrek pedagogikotik gutxi eta haurreskolak “umeen aparkaleku” irudikatzetik asko duela kritikatu dute. Kontziliazioa bermatzeko bestelako alternatibak badirela argi dute sindikatuek, zaintzarako ordaindutako baimen bereziak ematea, adibidez.

 

Ikastolen Elkartea
Ikastolen Elkarteak ontzat jo du eskolara itzultzeko plana «hemendik» diseinatzea, baina, hala ere hainbat hutsune dituela nabarmendu du. Ikastolen Elkartearen ustez, “taldeen arabera baino ikasleen egoeraren araberako erabakiak hartu behar dira, eta egoerarik zailenetan dauden ikasleek lehenetsi”. Elkarteak ontzat jo du ikasgelara itzuliko diren mailen kopurua mugatzea, baina eskatu du Batxilergoko eta lanbide hezietako lehenengo mailako ikasleak ez daitezen ikasgelara itzuli. Gainera, zalantzan jarri du 4. mailako ikasleak itzultzea «beharrezkoa» ote den.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »