La Palmako bizilagunetzat etxeko gauzak jasoko dituzte datorren astera arte

La Palmako bizilagunetzat etxeko gauzak jasoko dituzte datorren astera arte
2021/11/12 eta kitto!
Irailaren 19ko 14:12ean Cumbre Vieja sumendiak eztanda egin zuen eta mundua La Palma uhartera begira jarri zuen. Harrezkero, arreta mediatikoa hozten joan bada ere, erupzio bolkanikoak ez du etenik izan eta uharteko bizilagun batzuek etxebizitzak eta bestelako ondasun materiala galdu dituzte. Ia zerotik hasi behar dute bizitza orain, baina, zorionez, elkartasun keinuak jaso dituzte handik eta hemendik.

 

Gurutze Rodriguez hunkitu egin zen Cumbre Viejaren irudi ikusgarriekin. Telebistaren beste aldetik pelikula bat ikusten ari garela dirudi, baina La Palmako bizilagunentzat inoiz ezagutu nahi izango ez zuten errealitatea da. “Ezer barik gelditu zirela ikusi nuen, behar askorekin”, diosku Rodriguezek, eta zerbait egin behar zuela erabaki zuen. Enpatia eta eskuzabaltasuna.

Erakundeek egin ahal zutena itxaroten egon beharrean, eibartarra martxan jarri zen eta Udalari bere asmoen berri eman zion. “Alkateari esan nion lokal bat behar nuela La Palmara bidaltzeko materiala bildu ahal izateko. Hasiera batean arazoak izan genituen atearekin eta hiru astez itxaron behar izan genuen arazoa konpontzeko eta lokala eskuragarri izateko, baina azkenean lokala zabaldu ahal izan genuen”, azaldu digu.

Zezen plazako gela batean dago lokala eta kaxak daude pilatuta bertan, herriko jendearen elkartasunarekin betetako kaxak. “La Palmako El Paso herriko udalak esan digunez, etxeko gauzen eta umeentzako FFP2 maskaren behar handia dute, eta hori da jasotzen gabiltzana”, esan digu Rodriguezek. “Zartaginak, kazolak, edalontziak, platerrak, mahai-tresnak, kafe-makinak, tuperrak, izarak, mantelak, mahai-zapiak... Hain ohikoak diren eta egunero hainbeste erabiltzen ditugun gauzak behar dituzte, den-dena galdu baitute”, azpimarratzen du. “Etxeko armairu batean gordeta dauden eta inoiz erabiltzen ez ditugun etxeko-tresna horrek esker onez jasotzen ditugu. Gainera, ez dira berriak izan behar. Egoera egokian eta garbi badaude, ondo”, gehitzen du.

Eibartarrek eskuzabaltasuna agertu dute eta hainbatek erantzun diete Rodriguezen deiari eta La Palmakoen laguntza eskariari. Batzuek, gainera, bestelako gauzak eraman dituzte zezen plazara. “Panpinak eta bestelako gauzak ere jaso ditugu. Eskertzekoa da, baina horrelako gauzak ezin izango ditugu eraman, gure lana etxeko-tresnak eta umeentzako maskarak jasotzea delako, La Palmakoek horrela eskatuta. Dena dela, eraman ezin ditugun gauza hauek herriko elkarteen esku lagako ditugu. Adibidez, Gabonetan zenbait kanpaina egiten dira umeentzat panpinak biltzeko eta horretarako erabili ditzakegu hemen jasotakoak”, argitu digu. Era berean, ez dute dirurik jasotzen. “Norbaitek La Palmakoei laguntzeko dirua eman nahi baldin badu, nola egin ahal duen azalduko diogu”, diosku.

 

Astebete gehiago gauzak jasotzeko

Zezen plazako lokala (eskailera mekanikoetatik gertu dago atea) astelehenetik zapatura egoten da zabalik, 17:00etatik 19:00etara, eta datorren astean amaituko da kanpaina (barixakuan printzipioz). “La Palman laguntza premia dute eta, ahal izanez gero, gaur bertan bidaliko nuke laguntza, baina ahalik eta produktu gehien bidalketa berean igortzea da gure asmoa”, kontatu digu Rodriguezek.

Jasotakoa bidali ahal izateko, Rodriguezek 12 toneladako kamioia lortu du, Irungo enpresa baten eskutik. “Eurek hartu dute lan hori egiteko ardura, musutruk”, dio eibartarrak esker onez. “Gainera, Cartonajes Eibar enpresak kartoiak eman dizkigu materiala kaxetan biltzeko”, gehitzen du.

Orain arte jasotakoarekin ez dute kamioia beteko, baina kanpainaren azken astean bultzada eman nahi diote elkartasunari. “Oraindik badago tokia material gehiago jasotzeko. Ea azken astean kamioia gehiago betetzea lortzen dugu. La Palmako jendeak biziki eskertuko du”, eskatzen du Rodriguezek. “Kamioia betetzea zoragarria izango litzateke, baina gutxiago jasota ere, lagungarria izango da la Palmakoentzat”, azpimarratzen du. Edozein laguntza, txikia bada ere, eskertzekoa delako, eta tantaka-tantaka, La Palma elkartasunez betetzen ari direlako.

Eibartarrek emandakoa uhartera iristen denean, El Pasoko Udaleko gizartegintza saila arduratuko da banaketa egiteaz, eurek ondo ezagutzen dutelako zeintzuk diren bizilagunen beharrak.

Gurutze Rodriguez La Palma laguntza07