LAB sindikatuak greba deitu du Gipuzkoako egoitzetarako

LAB sindikatuak greba deitu du Gipuzkoako egoitzetarako
ETA KITTO 2021, Ira 16

Datorren asterako, irailaren 23 eta 24rako greba deitu du LAB sindikatuak, Gipuzkoako nagusien egoitzetan “bizi duten egoera larriari lehenbailehen irtenbidea emateko”, Soraluzeko Pil-Pileanek eman duen informazioaren arabera. LABek zerbitzuen “publifikazioaren aldeko apustua” berretsi du, uste baitu, egoitzetakoa moduko egoerak “zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio” direla.

LAB sindikatuak salatu duenez, “osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako nagusien egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak… Langileen eskubideen urraketen adibide argiak”.

LAB sindikatutik azpimarratu dute egoera hori “modu sistematikoan errepikatzen” ari dela “Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan ere”.

 

“Irabaziak handitzea” lehenetsi

Oro har, uste dute “erantzukizun osoa” dela Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Patronalarena “irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako”. Halaber, diote “elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten” dituztela.

Hori dela-eta, LABek uste du momentua dela “negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko”. Gaineratu du “egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko” duela.

Bi greba egunekin batera, mobilizazioak ere iragarri ditu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »