Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak auzolanean biltzeko deia

Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak auzolanean biltzeko deia
2022/05/24 eta kitto!
Europako Geoparkeen astearen baitan, Deba eta Zumaia arteko itsaslabarretan garbiketa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa maiatzaren 29an (domeka) egingo da, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar-Deba).

Ekimenarekin “herritarrak inguru horrek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea” lortu nahi dute antolatzaileek. Horregatik, Geoparkeak deialdia egin nahi die Debako, Mutrikuko eta Zumaiako zein inguruko herritarrei “gure ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintza honetan parte har dezaten”. Ekintzan parte hartzeko adin-mugarik ez dago, baina arroketan ibiliko direla kontuan hartzeko eskatu dute.

Garbiketa egiteko egunean, goizeko 08:30ean irtengo da autobusa Debako Zumarditik, boluntarioak Elorriagaraino eramateko, “bertatik jaitsiko baikara labarretara. Bestalde, talde bat antolatuko dugu gidari batekin Zumaiatik oinez joateko. Autoz ere gerturatu daiteke Elorriagara, baina kontuan izan aparkalekua mugatua dela. Talde horrentzako irteera puntua Elorriagako San Sebastian Ermita izango da, goizeko 09:00etan”.

Azaldutakoaren arabera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute. Hiru orduko lana izango da eta, ondoren, zakuak helikopteroz igoko dira Elorriagara. Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrez, labur.eus/garbiketa2022 helbidean.

Arduradunek aurreratu dutenez, ez da hau izango helburu berberarekin datozen hilabeteetan Deban egingo den ekimen bakarra: “Izan ere, Debako Udalak sustatuta, udan, udalerriko hiru ur-gunetan, itsasoan, ibaian (itsasadarra) eta hondartzan, hondakinak (bereziki plastikoa) jasotzeko deialdiak egingo dira, beste hainbat ekimenekin osatutako programa baten barruan”.