Labik edukiera igoko du kultur, gizarte eta kirol jardueretan

Labik edukiera igoko du kultur, gizarte eta kirol jardueretan
2021/08/30 eta kitto!
Pandemiak azken asteotan izan duen joera kontuan hartuta, Labik neurriak malgutzea erabaki du gaur goizean egindako bileran. Horrela, %60ko edukiera izango dute lokal eta instalazio guztiek, salbuespenak salbuespen. Neurriak etzi sartuko dira indarrean eta agintariek “tentsio sozialari eustea” eskatu dute. “Aste erabakigarrietan sartu gara bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren olatu bat saihesteko”, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren berbetan.

Ostalaritzaren barnealdean edukiera %50koa izango da gehienez eta mahai bakoitzean zortzi lagun eseri ahal izango dira, sei beharrean. Bestetik, gizarte, kultura eta kirol ekitaldietan, barruan egiten direnean, 600 lagun bildu ahal izango dira gehienez, eta kanpoan egiten badira, 800 lagun. Gainera, 600 eta 5.000 lagun sartu daitezkeen barruko tokietan 800 lagun biltzeko aukera egongo da eta 1.200 lagun kanpoan; eta 5.000 lagun baino gehiago sartzen diren tokiek %30eko edukiera izan dezakete.

Zenbait neurri malgutu arren, beste batzuk indarrean jarraituko dute. Hala nola, barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio; eta merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak goizeko ordu batetan ixteko muga-ordutegiari eutsiko zaio.