Lagundu Argitzen elkartasun ekitaldia antolatu du Zaldibar Argituk urtarrilaren 23rako

Lagundu Argitzen elkartasun ekitaldia antolatu du Zaldibar Argituk urtarrilaren 23rako
2021/01/14 14:58
eta kitto!
Otsailaren 6an beteko da urtebete Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zela eta, urteurrena izan aurretik, beste mobilizazio batzuk iragarri ditu Zaldibar Argitu plataformak. Horietako lehena Eibarren izango da, datorren asteburuko zapatuan (hilaren 23an). Egun horretarako elkartasun ekitaldia prestatu dute “gertatu zena oroitzeko, erantzukizunak eskatzeko eta Joaquin Beltran aurkitu dezatela exigitzeko”. Lagundu Argitzen izeneko ekitaldia 12:30ean hasiko da, Armeria Eskolan, eta bertan aurkeztuko dute epaiketaren gastuei aurre egiteko abiatuko den “crowdfunding-a”, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariekin batera.

Aurkezpenera jendea erakartzeko asmoz, Euskal Herri osotik etorriko diren musikari oso ezagunen eta beste artista askoren partehartzea izango du ekitaldiak: Liher, Petti, Olatz Salvador, Miren Amuriza, dantzariak (Udane Eskudero, Aritz Salamanca, Antton Fernandez, Aiora Etxebeste eta Mattin Etxebeste), Sastraka, Miren Narbaiza, Zaloa Urain, Maite Arroitajauregi “Mursego”, Nerea Ibarzabal eta Eneko Sagardoy arituko dira, Nerea Ariznabarretak aurkeztuko duen ekitaldian. Sarrerak 10 eurotan ipini dituzte salgai Eibarren (Guridi tabernan) eta inguruko herrietan eta, horrez gain, interneten ere eros daitezke, entradium.com plataforman.