Langile publikoak maiatzaren 11tik aurrera lan presentzialera itzuliko dira

Langile publikoak maiatzaren 11tik aurrera lan presentzialera itzuliko dira
2020/05/05 eta kitto!
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gaur azaldu duenez, "helburua da datorren astelehenean, hilaren 11n, langile publikoak Eusko Jaurlaritzako lantokietara modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun-baldintza zorrotzetan itzultzea". Horretarako, “Kontingentzia Plan” bat egin da, eta plan horrek uztartuko ditu, batetik, zerbitzu publikoa egitea eta, bestetik, zorroztasunez errespetatzea osasun-agintariek birusaren hedapena saihesteko emandako jarraibideak.

Sindikatuei plana helarazi diela ere adierazi du bozeramaileak, eta astearte goizean bilduta egon dela negoziazio mahaia. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publiko osoak ere bilera egin genuen atzo, guztiok norabide berean egiteko aurrera», esan du.

Joan den martxoaren 17an, Osasun Publikoaren arloko agintaritzaren gomendioei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen bere eraikinetan ahalik eta gehien mugatzea langile publikoen presentzia. Orduz geroztik, eta gaur arte, lan presentziala % 20ra murriztu da. Une honetan, funtsezko zerbitzu publikoa egiteko behar-beharrezkoak eta ezinbestekoak diren pertsonak soilik joaten dira lantokira.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Orain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, deskonfinamendua hasi eta lanpostuetara mailaz maila itzultzen hasten da, betiere zorroztasunez bete beharreko bi baldintza hauekin: pertsonak pila daitezen saihestea eta lanean nahitaez 2 metroko tartea, gutxienez, mantentzea. Lantokirako itzulera Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin koordinatuta egingo da. Zerbitzu horrek arrisku-egoerak ebaluatu ditu, eta zerbitzu eta lanpostu bakoitzerako prebentzio-neurriak ezartzen ari da.

Astelehenetik, hilaren 11tik aurrera eta, gutxienez, lau asteren barruan, langile guztiek itzuli beharko dute haien lanpostura, hiru salbuespenekin:

-Covid-19arekiko “bereziki sentikorrak" diren taldeetako pertsonek, ez dute, oraingoz, lanpostura itzuli beharko. Horrela aitortu beharko du Prebentzio Zerbitzuko mediku taldeak

- Haien kargura 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituzten pertsonak ezin izango dira jarduera presentzialera itzuli. Zaintza hori behar bezala justifikatu beharko da, eta “nahitaezko eginbehartzat” joko da. Soilik posible izango da bikotea osatzen duen beste pertsonak ezin dituenean pertsona horiek haren kargu hartu

- Eusko Jaurlaritzako “Telelan Programa” luzatuko da, beste ebazpen batera arte. Programa horren parte diren pertsonek baliabide tekniko guztiak eta ebaluazio profesionalerako sistema guztiak dituzte, haien egiteko ez-presentziala berme osoz betetzeko.