Lau lagun atxilotu dituzte gauean, desordena publikoak eragitea egotzita

Lau lagun atxilotu dituzte gauean, desordena publikoak eragitea egotzita
2021/09/25 12:48
eta kitto!
Gaur gauean 27 eta 39 urte arteko lau lagun atxilotu dituzte Eibarren, agente bat jo eta desordena publikoak eragitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Ertzaintzak adierazi duenaren arabera, “goizaldeko ordu biak aldera, Ertzaintzak jakin du pertsona batzuk borrokan ari zirela Eibarko Ego-Gain kalean. Lekura agertu diren polizia-dotazioek borrokan inplikatuta zeuden pertsonak identifikatu dituzte. Horietako batek, 27 urteko gizonezkoak, ertzainetako bat jo du eta ihes egiteko ahalegina egin du, baina mendean hartu eta atxilotu egin dute agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta. Gaztea atxilotzen ari zirenean, 100 bat pertsona hurbildu dira eta agenteei agiraka egiten eta objektuak botatzen hasi dira. Une horretatik aurrera sortu diren desordena publikoetan 27, 28 eta 39 urteko hiru gizonezko atxilotu dituzte agintaritzaren agenteen aurkako atentatuagatik”.