Lesbos eta Tindufen dauden errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa egiten dihardute herrian

Lesbos eta Tindufen dauden errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa egiten dihardute herrian
2020/01/31 10:36
eta kitto!
Iheslarien esparruak ezagutu dituzten eibartarrek han bizi den egoeraren testigantza utzi digute hainbat elkarrizketatan. Hango egoera irudikatzea hunkigarria bada eta hura gertutik ezagutzea gogorra bada, zer izango da han bizitzea? Eibarko hainbat elkarte eta bizilagunek elkartasuna adierazi izan diete Tinduf (Aljeria) eta Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatuei, eta herritarrek erantzun ona eman dute martxan egon diren kanpainetan. Oraingoan ez da gutxiago izango.

 

Mireia Alonso eta Jesus Gonzalez sukaldariek Lesboseko iheslari esparruan dauden errefuxiatuei laguntzeko janaria jasotzeko kanpaina jarri dute martxan eta, iaz bezala, Eibarren dilista pardinak, eta Ermuan arroza jasoko dituzte. Jendearen erantzun paregabeak antolatzaileen aurreikuspenak gainditu zituen iaz (1.750 kilo lenteja bildu ziren Eibarren, antolatzaileek 1.000 kilo jasotzeko helburua zutenean, eta Eibar eta Ermua artean 4.000 euro bildu zituzten), eta aurten antzeko arrakasta izatea espero dute antolatzaileek. Dilistak jasotzeaz gain, dirua ere esker onez jasoko dute, edozein laguntza beharrezkoa delako errefuxiatuentzat.

Kanpaina koordinatu eta azken xehetasunak zehazteko lehen bilera egin zuten eguaztenean, baina dagoeneko prestatu dituzte hainbat ekintza. Adibidez, Eibar FT eta Athletic Clubek martxoaren 22ko asteburuan jokatuko duten derbiaren egunean (eguna eta ordua zehaztu gabe dago oraindik) salda, txorizoa, Debabarrenako gazten dastaketa eta Lumagorrirekin osatutako dilista eta arroz tupperrak eskainiko dituzte udaletxeko arkupeetan. Gainera, ostalariek eta kolektiboek prestatutako pintxopote solidarioa eskainiko dute Untzagan. Bestetik, zozketa bat antolatuko dute dirua biltzeko, eta bi lagunentzako afariak zozketatuko dituzte Eibar eta inguruko herrietako jatetxeetan. Pentsatutako guztia gauzatu ahal izateko boluntarioak behar izango dituzte eta banakakoei, erakundeei eta kolektiboei dei egin diete kanpainan laguntzeko (eibarermuasolidarios@outlook.es helbidean informazio gehiago jaso daiteke).

Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) bitartez kudeatuko dute jasotako laguntza. GKE honek urteak daramatza Lesbosen lan egiten eta baliabiderik ez duten 1.500 lagunei jaten ematen diete egunero. Han bizi den egoera ez da erraza eta urtetik urtera gogortzen doa Zaporeakek dioenez. “2019an zehar greziar uharteetako errefuxiatu kopurua hirukoiztu egin zen (14.615 lagunetik 42.421 lagunera pasatuz), iritsi zen iheslari kopurua bikoitza izan zelako (32.276 izatetik 60.720 izatera) eta penintsulara eraman zituztenen proportzioa ez delako modu berean hazi. Asilo eskaerak geldituta daude, blokeatuta”. Lesbosen 21.268 errefuxiatu zeuden 2019. urte amaieran eta Moriako errefuxiatuen esparruan pilatzen dira iheslarien %98. “Eremua gainpopulatua dago”, diote Zaporeakoek eta urtearen bigarren seihilekoan iritsi diren emakumeak, haurrak eta pertsona helduak bat-bateko kanpin dendetan bizi dira. “Oso egoera larrian, higiene falta handiarekin eta babesgabe daude”.

Grezia eta Turkiako gobernuek “Zaporeak bezalako GKEen lana ikaragarri zailtzen” badute ere, Zaporeakek buru-belarri dihardu lanean. Berriki, Lesbosen dauden errefuxiatuei elikadura osasungarri eta freskoa eskaintzeko asmoz, furgoneta bat erosteko beharra ikusi zuen GKEak. “1.500 otordu inguru kozinatzen ditugu maitasun handiz, baina ahalegin hori ezerezean geratzen da ezin baditugu banatu”. Urtarrilaren 7tik martxora arte 40.000 euro biltzeko kanpaina jarri zuten martxan eta dagoeneko lortu dute kopuru horretara heltzea. Zaporeakekoek harrituta eta esker onez jaso dute herritarren elkartasuna. “Ikaragarria izan da euskal gizartearen babesa eta engaiamendua”. Hala ere, dirua biltzen jarraituko dute, hilero aurrekontu altu bati egin behar diotelako aurre. Horretarako, bi kontu zenbakitan egin daiteke ekarpena (ES32 2095 5011 80 9115250322 Kutxabank, eta ES71 3035 0103 88 1030035880 Laboral Kutxa).

 

Sahararen aldeko karabana

Mendebaldeko Saharako errefuxiatuek 35 urte baino gehiago daramatzate Tindufeko errefuxiatu esparruan. “Marokok Espainiaren oniritziarekin beraien lurraldea okupatu zutenenetik (1975. urtean), 200.000 lagunek Tindufeko kanpamenduetan bizirik irauten jarraitzen dute, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aginduari jarraituz autodeterminazio erreferenduma egiteko zain”, Eibar-Sahara elkarteak adierazten duenez.

Elkarte eibartarrak urteak daramatza Saharako errefuxiatuen alde egiten eta hainbat kanpaina jarri dituzte martxan urte hauetan. Orain, ‘Sahararen Aldeko 16. Euskal Karabana’ egitasmoaren barruan, janari bilketa egiten dihardu sahararrei laguntzeko. Gaur bertan amaituko da kanpaina, baina herritarrek elkartasuna adierazi diete Ipuruako, Urki eta Urkizuko Eroskin, Villalban, Corte Inglesen eta Isasi okindegian jasotako elikagaiekin (arroza, pasta, lekaleak, azukrea, atun-latak, olioa, sardina-latak eta konpresak).

Kanpoko laguntzaren beharra dute Tindufen bizi diren sahararrek. “197.5 urteaz geroztik ACNUR, Europar Batasuna, ECHO eta Elikagaien Munduko Programa arduratu dira errefuxiatuak elikatzeaz, baina elikagaiak ez dira behar den erregulartasunez eta behar den kantitatean heltzen”, Euskadi-Sahara koordinadoraren berbetan. Beraz, ez dira beharrak asetzen, eta elikagai osagarriak jaso behar izaten dituzte desnutrizio-maila ezberdinak dituzten 6.380 emakume eta umek.

Saharako errefuxiatuen bizi-kalitatea, osasuna eta ongizatea hobetzeko asmoz antolatu dute ‘Sahararen Aldeko 16. Euskal Karabana’. “Errefuxiatuen elikadura-segurtasuna indartzea da helburua, euren osasun eta ongizaterako gakoa delako”. Horrela, Euskal Herriko hainbat tokitan janariak batu ondoren, karabanan eramango dituzte Saharara otsailean eta han Saharako Ilargi Erdi Gorria arduratuko da elikagaiak banatzeaz.

Mendebaldeko Saharako herritarrek 35 urte daramatzate bere jaioterritik kanpo, “baina bizirauteko nahi irmoa dute eta borrokan jarraituko dute euren herrialdea askatu arte”, koordinadoraren berbetan. 35 urte hauek ez dira errazak izan sahararrentzat eta hainbat adituk gerra hotsak entzun dituzte azken aldian. Izan ere, abendu amaieran eta urtarrilean zehar hautsak harrotu dira Sahara inguruan, Marokok bere itsasoko mugak hedatzeko aldebakarreko erabakia hartu duelako barne-legeria erabiliz. Mohamed VI.aren erregimenak abiatu duen estrategia berria da, Mendebaldeko Sahararen itsaso-lurraldeak Marokorenak direla erreklamatuz eta Sahararen legezko kontrola lortzeko beste pauso bat emanez. Zapalkuntzak ez du etenik.