Lizitaziora atera dira Andretxearen Isasiko instalazio berrien barrualdea egokitzeko lanak

Lizitaziora atera dira Andretxearen Isasiko instalazio berrien barrualdea egokitzeko lanak
2021/12/27 eta kitto!


Lanen aurrekontua ia 1.125.000 eurokoa da (BEZa barne), obrak egiteko denbora 40 astekoa, eta eskaintzak aurkezteko epea zabalik dago eta otsailaren 14an amaituko da. Lanak, obrak adjudikatu ondoren hasiko dira eta 2022. urte amaierarako jarri ahalko da martxan Andretxea berria. "Astelena frontoiaren ondoko eraikina barrutik egokitzeko proiektua 2019. urtearen amaieran onartu zen, baina obren adjudikazioa atzeratuz joan da, 2020an beste aurrekontu-lehentasun batzuk sortu zirelako Covid-19 pandemiaren agerpenaren ondorioz", azaldu dute Udaletik. Isasi kaleko eraikinaren zaharberritze-lanen kostua —eraikina oso egoera txarrean zegoen—, 700.000 euro ingurukoa izan zen. Orain, bakarrik geratzen da barrualdeko azpiegiturak egokitzea eta hornitzea.





Eraikinak izan beharreko zerbitzu eta espazioen banaketari dagokionez, Udaleko Berdintasun Zerbitzuak bere garaian planteatutako premiak eta eskakizunak jasotzen ditu egitasmoak; azalera ahalik eta gehien aprobetxatuko da, oso eraikin estua dela kontuan hartuta. Eraikinaren aldeetako bat berreskuratuko da, multzoarekin harmonizatuz, eta Astelena frontoirako sarbideak ere hobetu egingo dira, gaur egun dagoena baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa eginez; larrialdietako ebakuazioa ere hobetuko da. Espazioen banaketari dagokionez, Isasi kaleko sarrera nagusitik eraikinaren beheko solairura sartuko da, non harrera-leku bat, bulego-gune bat eta erabilera anitzeko espazio bat egongo diren. Lehenengo solairuan Udaleko Berdintasun Zerbitzuko talde teknikoarentzako eta politikoarentzako bulegoak egongo dira, eta baita erabilera anitzeko gela zabal bat eta bilerak egiteko beste bat ere. Bigarren solairuan kokatuko dira liburutegia, ordenagailu-gela, berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzako eta emakume-taldeentzako hainbat bilera-gela eta sukalde handi bat, topagune eta prestakuntza-espazio bat bezala erabiliko dena.  Gainera, erdisotoan leku txiki bat egongo da eszenatokitzat erabiliko dena, hitzaldiak eta antzeko jarduerak egiteko.

Lizitaziora aterako den proiektu hau lotuta dago Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikin berriaren -2 solairuan dauden garajeen eta trastelekuen eraikuntzarekin eta adjudikazioarekin. PSE-EEk eta EH Bilduk urte honetarako onartutako aurrekontu-akordio baten arabera, Errebalgo garajeen adjudikazioarekin lortutako diru-sarreren parte bat Andretxeko eraikinaren barnealdea berritzeko erabiliko da. Jon Iraola alkatea pozik azaldu da proiektuaren aurrerapauso honekin; izan ere, adierazi duenez, “garrantzi handiko lan bat da Eibarrek toki egoki bat izan dezan emakumeen premiei eta kezkei erantzuteko”. “Toki horrek –gaineratu du- aukera emango die beren jarduerak modu egokian egiteko, eta baita ahalduntzeko eta ezagutza berriak eskuratzeko instalazio moderno batzuetan”.