Martitzena izan zen azken eguna euroak pezetengatik aldatzeko

Martitzena izan zen azken eguna euroak pezetengatik aldatzeko
2021/07/01 eta kitto!
Ekainaren 30ean, martitzena, izan zen euroak pezetengatik aldatzeko azken eguna. Nahiz eta ia hogei urte pasa diren euroa erabiltzen hasi zenetik, Espainiako Bankuaren sukurtsaletan osatu ziren jende-ilarak ikusita, Bilboko Gran Via-koan kasu, esan daiteke askok azken unera arte itxaron dutela aldaketa egiteko.

Bilbon, esaterako, 30 milioi pezeta aldatu ziren martitzenean. Datorren urteko urtarrilaren 1ean hogei urte beteko dira espainiar Estatuan euroak pezetaren lekua hartu zuenetik, eta Espainiako Bakuaren kalkuluen arabera, euroaz aurretik zirkulazioan zeuden pezeten % 55 aldatua egongo da ordutik hona.

Behin aldaketarako epea agortuta, pezeten gainerako % 45 herritarren esku geratu da, oroitzapen edo bildumako objektu gisa, hondatu edo galdua egongo da edo turisten poltsikoetan beste herrialde batzuetara joana izango da.

Espainiako Bankuak ezagutzera emandako azken datuen arabera, maiatzean estatuko herritarrek 1.584 milioi euro zituzten pezetetan artean aldatu gabe, 263.555 milioi pezeta, beraz. Horietatik 132.942 milioi pezeta billeteetan zegoen (799 millioi euro) eta 130.613 milioi pezeta txanponetan (785 milioi euro).

Herritarrek, batez beste, 170 euroko baliozko pezetak aldatu ditu eta zenbatekoak askoz handiagoak izan dira billeteetan txanponetan baino. Halere, izan omen da azken egunotan milioika pezeta aldatzera gerturatu denik ere.

Gogoratu behar da kanbio-tasa euro bakoitzeko 166,386 pezetakoa dela, hasierako kanbio-balioa mantenduz. Trukerako ez dira kontuan hartuko billete edo txanponen antzinatasuna edo egoera bezalako alderdiak.