Mendaroko emaginak, 24 ordu erditzearen une magikoan

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Mendaroko emaginak,  24 ordu erditzearen une magikoan
ETA KITTO 2020, Api 28

Emakumeek gero eta informazio gehiago dute, eta parte aktibo izan nahi dute euren haurdunaldian. Bikote askok, eskualdekoak eta hemendik kanpokoak ere, Mendaroko ospitalea aukeratzen dute euren seme-alabak mundura ekartzeko. 10 profesionalek osatzen dute Mendaroko ospitaleko emagin-taldea. 20 urte daramatzate 24 ordutako lanaldiak egiten, eta orain, bat-batean, eztabaidatu gabe, ospitaleko zuzendaritzak txanda hori 12 ordutara pasatzea erabaki du. Emaginen lantaldea ez dago ados eta Zuzendaritzaren “inposizioa” salatu dute.

Mundurako etorreran babesle eta bidelagun dira emaginak. Osasunari lotuta dauden beste ofizio guztiak bezala, emaginaren lanbidea aldatzen joan da historian zehar, bai ezagutzari bai praktikari dagokienez.

Lys erditzen copia Ihintza copia

10 profesionalek osatzen dute Mendaroko ospitaleko emagin-taldea (9 emakumezko eta gizonezko bat). 24 orduko lanaldiak egiten dituzte eta denak bizi dira Mendarotik urrun, 50 km baino gehiagora.  24 orduko lanaldiak lagundu egiten die lana eta familia bateragarri egiten eta errepidean joan-etorri gutxiago egiten.
24 orduko txandaren auzia ez da berria. Mendaron orain dela 20 urte hasi ziren horrela lan egiten, eta emaginek abantaila asko ikusten dizkiote.  “Gaur egun plantilla finkoa osatzen dugun 10 emaginak urrutitik etortzen gara. Eta ez da kasualitatea Mendaron egotea. Ospitale hau aukeratu dugu, orain arte behintzat 24 orduko txanda egitea posible izan zaigulako”. Diotenez, “txanda horrek erditze-prozesuan emakumeari eskaintzen zaion arretan jarraikortasuna ahalbidetzen du; segurtasunean, kalitatean eta berotasunean oinarrituta”.

Urte horietan ez da izan lanaldiaren iraupenari edo emaginek lanaldiaren barruan izandako nekeari egozteko moduko emaitza kaltegarririk.

Ospitaleko Zuzendaritzak emaginen 24 orduko lanaldia 12 ordura pasatzea erabaki du, “antolaketa, lan-segurtasun eta asistentzia alorreko arrazoiak argudiatuz”. Erabakiak Erditze Arloko emaginen kezka eta haserrea ekarri du, besteak beste, ez dutelako euren iritzia kontuan hartu eta ez zaielako negoziatzeko aukerarik eman.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001
Emakumeen babesa
“Eztabaidatzeko aukerarik gabe”, maiatzaren 4tik aurrera 24 orduko txanda desagertu egingo zela adierazi zien Zuzendaritzak. “Orduan erabaki genuen gurekin erditu diren emakumeei babesa eskatzea”, azaldu digute emaginek. Eta erantzuna demasekoa izan da: “Mezu  eta testigantza mordoa ailegatu dira. Hunkigarria izan da! Eta horrek gurekin erditu diren emakumeen asebetetzea erakusten du. Benetan pozgarria izan da”.

“Ni Mendaron erditu nintzen”
Mendaroko ospitalean erditu diren emakumeek idatzitako mezuetan oso argi ikusten da euren iritzia zein den. “Ni Mendaron erditu nintzen. Bertako emaginei, nire emaginei, eta beraien 24 orduko lan-jardunari babesa eskaintzen diot” goiburupean hainbat testigantza aurkeztu dituzte.  Irati  Salaberriak dioenez, “oso pozik gaude jasotako arretaz, eta oso harro horrelako zentro bat izateaz, horrelako langile inplikatuekin eta dituzuen baliabideekin”.

Ainhoa Amenabarrek azaldu duenez, “erditze gogorra izan arren, une oro errespetatu ziren gure  nahiak erditze aurretik, erditzeko unean eta ondoren. Oso babestua sentitu nintzen eta laktantziarekin izugarrizko laguntza jaso nuen. 24 orduko jardunari esker jarraipen hori egin zidaten, 24 orduz pertsona erreferente bat izan nuen, ze badirudi erditzea gauza erraza dela baina ez da horrela, eta profesionalen babesak asko laguntzen du prozesu horretan”.

Presioaren eraginez, Mendaroko ospitaleko Zuzendaritza-taldeak onartu egin du akatsa egin duela, “lanaldiaren aldaketa ez zaiolako Langile Batzordeari jakinarazi”. Hala ere, bere horretan jarraitzen du Zuzendaritzak, eta, “epea apurtxo bat atzeratu bada ere,  24 orduko txanda desagertarazteko asmoarekin jarraitzen dute”.

Mendaroko erditze-zerbitzuaren funtzionamendu ona erraz kuantifika daiteke emakumeen asebetetze-maila handiarekin, “erditze-arretaren adierazleen emaitza bikainekin eta `gure ospitalean´ erditu nahi diren eskualdetik kanpoko emakumeen eskari handiarekin (% 25 2019an)”, diote.

“Egia da, halaber, hori ez dela beti posible izaten asistentzia-agertoki guztietan, baina bai Mendaroko ospitalean. Hala erakusten du urte hauetan emakumeen gogobetetze profesionalak”,  azaldu dute.

 

“Mendaron erditu nintzen” (Ainere Tolosaren testigantza)
EMAKUMEA, BERE ERDITZEAREN JABE, ERDITZE KONTZIENTEAREN ALDE

2015eko urtarrilaren 28an erditu nintzen, Mendaroko ospitalean. Bi erditze izan ditut, bata Donostian eta bestea Mendaron. Biak primerakoak, baina alderatzen jarriz gero, bigarrengoarekin jarraitzen dut. Jarraitu esaten dut, oraindik ere, beraiekin harremanetan jarraitzen baitut. Bertan erditutako umea aitzakiatzat hartuz, 5 urte pasa eta gero zer moduz gauden galdetzen digu hango emaginak, eta nik, nola ez, urtero, nire alabaren urtebetze egunean mezu bat bidaltzen diot, eta, bide batez, emaginak bere lanaren betetasuna eta poztasuna adierazten dizkigu emotikonoen bidez, bere bihozbera agerian utziz. Bihozbera, gizatiar… horri jarraiki doa dena, horregatik aukeratu dut bigarrena.

Bigarrengo haurdunaldian sentitu nuen haurdunaldia nirea egin nahi nuela, hau da, kontzientea, eta erabaki nuen nire eskubide eta zalantza guztietaz informatuko nintzela, nire gustura, nirea baita erditzea. Hori guztia modu naturalean bizi izan nuen, beharko lukeen moduan, ezta? Horren sinplea dirudi; amatasuna bizi, norberaren errealitatetik. Baina errealitateak, gizartearenak, badu bere itzala, kontrolarena, haurdunaldia eta erditzea kontrolatu nahi izatearena, eta horrek beldurra sortzen dio emakumeari. Horri erronka egiteko gogoz nengoen ni, eta hala, Mendaroko ospitalean erditzea proposatu zidan bikotekideak, entzuna baitzuen erditzeak bertan giro goxoan egiten zirela. Ez nion ez baietzik ez ezetzik esan, pentsatuko nuela.

Azkenean Mendaron erditzea erabaki nuen eta ospitaleak hala eskatuta, eskutitza bidali genuen eskaria egiteko. Eta non gure lehen sorpresa ederra, bertara joateko eta lasai hitz egingo genuela esan baitziguten. Hortarako, gure erditze-plana idatzita ekartzeko ere esan ziguten. “Gure erditze- plana?”. Horrek, jada, oso itxura ona hartzen zuen. Pozik eta ilusioz ekin nion nola erditu nahi nuen idazteari, erditzea, behingoz, nirea sentitu nuen. Ni, ama, erdigunean jarri nintzen.

Hala, hitzordua eman ziguten eta ospitalea ezagutzeaz gain, bertako langileekin egon ginen, lasai, tratu ederrean, harremanean, gizatiar…

Erditzeko 2 hilabete falta arren, orduan jakin genuen bertan erditzea nahi nuela, jende harekin. Berdin zitzaidan gela handia, txikia, dutxa… nik oso garbi nuen tratu ona behar nuela nire inguruan, errespetua eta segurtasuna sentituko nituen momentuak, ez guneak. Espazioak ez zidan axola, harremana behar nuen, beste behin ere, gizatiarra.

Erditu nintzen. Bertan izan nituen nire ondoan emaginak. Horixe baitzen behar nuena, emozionalki niri eusteko euren maitasuna, goxotasuna, errespetua, zaintza… gizatiarra, beste behin ere.

Eskerrik asko ekipo guztiari, emakumea erdigunean jartzen erakusteagatik, gure eskubideak zeintzuk diren gogorazteagatik, zuen lanbidea maitasunez eta bokazioz egiteagatik.

Mendaroko ospitaleko emaginen lana goresten dut, eta lau haizetara zabaltzen dut euren lana, eta horren aurka traba egiten dion edozer lan-baldintza errespetatzen ez bada, horren aurka ere lau haizetara zabaltzen dut euren aldarrikapena.

Bada garaia guztion lanak kalitatez eta kontziliazioan bermatzeko unea, eta hori Mendaron posible da. Jarrai ezazue bide beretik, jaso ezazue bertako langile guztiok nire eskertza.

Mila esker, gizatiarrak izateagatik. Besarkada bana,

EMAKUMEA ERDITZEAREN ALDE EGITEN DUTEN EMAGIN HORIENTZAT, ZUEN 24 ORDUKO LAN JARDUNARI BABESA ESKAINTZEN DIOT.

Ainere Tolosa

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »