Menina Saria eman diote Eibarko Emakumearen Mahaiari, genero-indarkeriaren aurka borrokatzeagatik

Menina Saria eman diote Eibarko Emakumearen Mahaiari, genero-indarkeriaren aurka borrokatzeagatik
2020/11/19 16:00
eta kitto!
Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren Ordezkaritzak Menina Sariak 2020 eman ditu eta laugarren edizio honetan hiru kategoriatan banatu dituzte sariak: Menina Saria Genero indarkeriaren aurkako borrokan konpromisoagatik nabarmendu den euskal gizarte kolektiboari Eibarko Udaleko Emakumearen Mahaiari eman diote; Menina Saria genero-indarkeriaren aurkako borrokan lan nabarmena egin duen euskal herritarrari, berriz, Lourdes Perez kazetari eta Diario Vasco egunkariko zuzendariordeak jaso du; eta Menina Saria genero-indarkeriaren aurkako sentsibilizazioa eta kontzientziazioa zabaltzeko duen gaitasunagatik euskal eremuan nabarmendu den proiektu edo ekimen publikoari UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko genero-indarkeriaren aurkako protokoloari eman diote. Nekane Balluerka errektoreak jasoko du saria.

Sarien antolatzaileek nabarmendu dutenez, “sortu zenetik Eibarko Emakumearen Mahaiaren bidez egindako ekintzak edo egindako lankidetzak generoaren ikuspegitik garrantzitsuenak diren egunetan zentratu dira: martxoaren 8an, maiatzaren 19an, ekainaren 28an eta azaroaren 25ean urtero. Udal Berdintasun planetan sartutako ekintzez gain, gaur egun V. Plana prestatzen ari da”.

Menina Sariak 2004an Estatu mailan sortu ziren Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzaren eskutik. Euskal Herrian laugarrenez ematen dira eta menina baten forjazko eskultura batek irudikatzen ditu sinbolikoki. Figura hori hainbat espetxetako tailer okupazionaletan egin da.

Menina 2020 Sarien banaketa ekitaldia azaroaren 24an, martitzenean egingo da, 11:00etatik aurrera, Gasteizko Goiuri Jauregian eta streaming  bidez jarraitu ahal izango da ekitaldia.