Mikel Lizarralde: “Esklerosi anizkoitza duen bakoitzak bere maratoia aurkitu behar du”

0    Gizartea 
Ekhi Belar
Mikel Lizarralde: “Esklerosi anizkoitza duen bakoitzak bere maratoia aurkitu behar du”
2019, Ots 01

Mikel Lizarralderen bizitza irauli egin zen orain dela urtebete. Bikoitza ikusten hasi zen, medikura joan eta, probak egin ondoren, esklerosi anizkoitza zuela esan zioten. Gaixotasunak ez du sendabiderik momentuz, baina bizipozez egiten dio aurre Lizarraldek. Kirola lagun, Zegama-Aizkorri egiteko dortsala eskatu du. Eta zerumugan, Nepal. eibar.org/blogak/lizarralde blogean ematen du bere bizipenen berri.

 

– Hemen eta orain, zer moduz zaude?

Oso ondo! Orain dela urtebete horrela egongo nintzen esango bazidaten, ez nuke sinistuko. Domekan beteko da sintomak igarri nituen momentuaren urteurrena, San Blas egunean.

– Zer pasatu zitzaizun burutik sendagileak esklerosi anizkoitza duzula esan zizunean?

Ordura arteko bizitza amaitu egin zela. Ospitaletik irten eta berehala gauza asko zalantzan nituen. Hilabete baino gehiago egon nintzen kotxea hartu gabe eta lanera ganoraz itzuliko nintzen zalantza neukan. Hasieran umeak zaintzeko beldurra nuen, ez nekien zaintzeko kapaz izango nintzen. Emazteak hemendik gutxira moldakaitza izan daitekeen pertsona batekin egon nahi izango zuen? Gaitzak berak dituen sintomekin batu zitzaidan guzti hori eta beldurra eman zidan hasieran. Ospitaletik irten eta lehengo astean apatia antzekoa sentitu nuen. “Hau amaitu da edo amaitu egingo da”, esaten nion nire buruari.

– Berehala eman zenion buelta apatia sentsazio horri?

Bai, eta demaseko laguntza eduki nuen horretarako. Lehenik, lagun neurologo bat ospitalera etorri zen gaixotasuna zer den eta zer pasatu ahal den azaltzera. Izan ere, gauza bat da interneten irakurtzen duzuna eta beste bat gertatu ahal dena. Bestetik, Maria nire emazteak monumentu bat merezi du, izugarrizko laguntza eman didalako. Bera barik agian zuloan egongo nintzateke. Gurasoen laguntza ere, demasa izan da. Codesyntaxeko lankideek lasai egoteko esan zidaten hasieratik eta, gero, aurrera egiteko animoa eman zidaten.

– Nola konturatu zinen zerbait ez zihoala ondo?

Mendian antxitxiketan nenbilela. San Salvador, Topinburu eta Galdaramiño inguruan ibili nintzen eta aldapan gora ondo sentitu nintzen, pixka bat nekatuta baina ondo. Azken hiru-lau egunetan kirola egin nuen eta normala zen nekatuta egotea. Aldapan behera, ordea, bikoitza ikusten hasi nintzen. Gelditzerakoan ondo ikusten nuen. Galdaramiñora ondo igo nintzen, baina beheranzkoan bikoitza ikusten nuen berriz. Mugikorra eskura neukan eta ikertzen hasi nintzen, eta nonbaiten ipintzen zuen gehiegizko esfortzuagatik izan zitekeela. Horrekin gelditu nintzen. Hurrengo egunean jaiki nintzenean bikoitza ikusi nuen ordu erdiz, eta hurrengo egunean berdin. Oinez joan nintzen lanera, ondo, eta lankideei galdetu nien inoiz antzeko zerbait gertatu ote zitzaien. “Ez al da iktus bat izango!”, bota zuen batek. Anbulatoriora deitu nuen eta zita hartzeko egun batzuk itxaron behar nituenez, gurasoei deitu eta Mendarora eraman ninduten. Probetan ez zuten ezer ikusten. Handik bi egunetara Zumarragara joan nintzen erresonantzia egitera eta buruan orban batzuk nituela esan zidaten. Lagun neurologoa eta familiako medikua etorri ziren, eta desmielinizazioa zela esan zidaten. Neurologoak esan zidan esklerosi anizkoitza izan zitekeela, eta hori izango zela onartu nuen. Ez nuen denborarik galdu nahi, ukapen fasetik pasatzea. Ondoren, puntzio lunbarra egin zidaten eta martxoan baieztapena jaso nuen: esklerosi anizkoitza nuen.

– Nola egin zenion aurre?

45 egunez kortikoideak hartzen egon nintzen, antiinflamatorio eraginkor bat, baina albo-kalteak ditu. Lo egiteko zailtasunak nituen eta alde horretatik gogorra izan zen. Bestetik, diagnostikoa jaso aurretik kirol asko egiten nuen eta ezin nintzen ezer egin gabe egon. Diagnostikoa jaso aurretik emazteari esan nion demaseko sasoian nengoela. Maratoia egin nuen bi hilabete lehenago eta inoizko denborarik onenak egiten nituen antxitxiketan. Guzti hori batuta beherakada izan nuen, baina poliki-poliki aurrera egin nuen. Hobeto sentitzen hasi nintzen, umorea aldatu zitzaidan, eta igerian hasi nintzenean bizipoza eman zidan. Nire burua gurpildun aulkian imajinatzen nuen. Nahiz eta estatistikek esan %20ak (buruz nabil) amaitzen duela gurpildun aulkian, nik 20 hori 100 bihurtzen nuen.

– Diagnostikoak bizitza aldatu dizu?

Bai. Zaplada bat izan da, abisu bat. “Begira zer egon zaren galtzekotan”, esaten nion nire buruari hasieran. Hemen eta orain, daukadana gozatu eta aprobetxatu. Horrela pentsatzen dut. Batzuk diote esklerosi anizkoitza izatea bizitzan karta txarrak tokatzea dela, eta bai, karta txarra da, baina nire kasuan gainerako kartak oso onak dira. Gainera, mundu osoko kontestua aintzat hartzen badugu, ez nago kexatzeko moduan. Beraz, ez naiz negarrez ibiliko eta ez dut penarik eman edo gupidarik sortu nahi. Niretzat zaplada izan da, baina ingurukoentzat ere. Behin bizi gara eta ahal den heinean gozatu behar dugu. Jarrera kontua da. Orain ondo nago eta oraina aprobetxatu behar dut. Bihar auskalo. Momentu txarrak etorriko dira, ez dut pentsatzen dena zoragarri joango denik, baina ondo joango da, etorriko diren kolpeei indarrarekin erantzuteko asmoz nagoelako.

– Kirola egitea garrantzitsua da gaixotasunari aurre egiteko?

Insomnioa nuenean kirola egiten nuen nekatu eta lo egiteko. Gero, nire buruari erronka txikiak jarri nizkion. Igerilekuan gero eta igeri gehiago egitea, mendira oinez igotzea, bizikletan Aixolako presara joan eta buelta bat ematea… Bizipoza ematen zidan eta gurpildun aulkia albo batera uzten joan nintzen. Lorpentxo horiek, egunerokoan lortutako lorpenak bezala (umeak zaintzea, lanera bueltatzea, kotxea hartzea…), oso garrantzitsuak dira. Ondoren, Getaria-Zarautz igeriketa proba amaitu nuen eta demaseko arrakasta izan zen niretzat. Txarto ez nengoela konbentzitzeko lagundu zidan kirolak, asko lagundu dit, baina koadro handi baten barruan ikusten dut guztia eta hori zati bat besterik ez da. Bizitza normala egin ahal nuela esan zidaten, baina nire bizitza normala kirola egitea zen eta neurologoak esan zidan ultra-maratoiak egiten ez nituen bitartean edozer gauza egin ahal nuela. Ultra berba kendu eta maratoi berbarekin geratu nintzen.

– Zegama-Aizkorri mendi-maratoia begitan daukazu. Zergatik?

Ni hobeto egoteko erraminta moduan hartzen dut. Motibazioa da, ez azken helburua. Amaitzen badut, demaseko poza hartuko dut, baina amaierako helburua bizitza ona edukitzea da eta hiltzen naizenean pozik egotea. Hiru maratoi eta hainbat erdi maratoi egin ditut, eta egin bariko gauzak egin nahi nituen. Orduan, Getaria-Zarautz igeriketa proba egin nuen iaz eta Zegama-Aizkorri lasterketa berezia da niretzat. Pentsatzen dut orain arte egin ez ditudan gauzak egiteko momentu aproposa dela. Gainera, uste dut esklerosi anizkoitza duen inork ez duela egin, beraz, lehenengoa izan nahi dut. Gaixotasunari buruzko jakintza zabaldu nahiko nuke eta gazte bati gaixotasun hau diagnostikatzen badiote, beldurrik izan ez dezala. Bakoitzak bere maratoia aurkitu behar du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »