Realeko omenaldiari begira udalak izandako kudeaketa "ez dela onargarria" salatu du Eibarko EH Bilduk

Realeko omenaldiari begira udalak izandako kudeaketa "ez dela onargarria" salatu du Eibarko EH Bilduk
2026/04/28 11:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, Eibarko EH Bilduk udalaren jarrera “errespetu faltatzat” jo du, eta herriko eragileak entzungo dituen gobernantza eredua eskatu du.

Iragan barixakuan, apirilaren 24an, ospatu zen Dantzaren Nazioarteko Eguna Eibarren. Herriko hamar taldek —Ballet Eibarres, Esti Dantza, Kaxa, Koa, Kezka, Pagatxa, Udal Dantza Eskola, Untzagako Jubilatuen Etxea eta Kubantza— hartu zuten parte jardunaldian.

Koalizio abertzalearen arabera, urteetan zehar dantza taldeen “auzolanari eta dedikazioari” esker bihurtu da egun hori erreferentziazko ekitaldi. Hala ere, kritikatu dutenez, egitaraua publiko egin eta gutxira, eta antolatzaileekin hitz egin gabe, udalak beste ekitaldi bat iragarri zuen: Errege Kopa irabazi duen Real Sociedad taldeko bi jokalari eibartarrei egingo zitzaien omenaldia.

EH Bilduren esanetan, erabaki horrek dantza egitaraua etetea eta erromeria atzeratzea zekarren, hilabeteetako lana, antolaketa eta ilusioa “hankaz gora” jarriz. Egoeraren “zentzugabekeria muturrekoa” izan zela salatu du alderdi subiranistak. Azaldu duenez, azkenean udalak atzera egin zuen, alkateak sare sozialen bidez jakinarazi ostean omenaldia bertan behera geratuko zela, bi ekitaldiak “bateraezinak” zirela argudiatuta.

Hala ere, koalizioak uste du gertatutakoak agerian uzten duela hasierako erabakiaren “inprobisazioa” eta “alkatearen nagusitasunez eta prepotentziaz jokatzeko nahia”. “Ez da onargarria herriko eragileak bigarren mailako subjektu gisa tratatzea, haien lana eta borondatea interes politikoen menpe jarriz eta alferrikako tentsioak sortuz”, adierazi dute.

Azkenik, nabarmendu dute, nahiz eta dantza ekitaldia aurreikusitako moduan egin ahal izan zen, prozesuak sortutako “egonezina” kezkagarria dela. Horren aurrean, gobernatzeko beste modu baten alde egin dute: “Gure herriko kulturak lankidetza eta babesa behar ditu, ez inposizioa. Gobernatzea ez da aginte-makila erabiltzea norberaren intereserako; gobernatzea eragileak entzutea eta haien lana babestu eta zaintzea da”.