Minbiziari buruz berba egiteko mintzodromoa egongo da Portalean otsailaren 4an, herritarrentzako ekitaldi irekia

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Minbiziari buruz berba egiteko mintzodromoa egongo da Portalean otsailaren 4an, herritarrentzako ekitaldi irekia
ETA KITTO 2020, Urt 31

Datorren otsailaren 4ko Minbiziaren aurkako Munduko Eguna dela eta, AECC Gipuzkoak mintzodromoa edo elkarrizketa-foroa antolatu du Eibarko Portalea kultur etxean. “World Cafe” bezala ezagutzen den formatoa hartuko dute oinarri modura. Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak “prozesu onkologikoa ezagutu duten edo ezagutu ez duten herritarrak gonbidatu nahi ditu eta 5eko taldeetan ipinita gaixotasunarekin lotuta gizartearen erronken inguruan elkarrizketa mantentzea du helburu“.

Mahai horietan parte hartuko duten pertsonek ekarpenak egin ahal izango dituzte. Horretarako, elkarrizketaren garapena zehaztuko duen ezarritako gidoi baten laguntza izango dute. Dinamika amaitu ostean, lortutako erantzunak bateratuko dira dokumentu bat egiteko eta elkarteak etorkizunean egingo diren ekintzen konpromiso gisa onartuko ditu. Mintzodromoa 10:30tan hasiko da. “Ekimen parte-hartzailea izatea nahi dugu. Hori dela eta, gertutik bizi dutenak nahiz bizi ez dutenak animatzen ditugu gizartean gero eta presenteago dugun gaixotasun honi buruzko ikuspegia eta iritzia eman dezaten”. Gainera, Miriam Marquez psikologoaren arabera, “arlo pertsonalean oso esperientzia aberasgarria izan daiteke”.

Ekitaldian pazienteak, familiartekoak, boluntarioak, adituak, eta elkarteko ordezkariak izango dira. Hori dela eta, ekimena herritarrei dago zabalduta. Interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute AECCren Eibarko egoitzan (Ardantza, 11), internet bidez www.aecc.es/mintzodromo edo telefonoz 943 292494 zenbakian.

Aurreko urtean, 2019an, 90 pertsonak hartu zuten arreta Eibarko egoitzan; horietatik 43 gaixoak izan ziren, eta gainerako 47 senideak. Bestalde, laguntza psikologikoko saioek 281 saio egin zituzten urtebetean eta 329 saio gizarte-laguntzakoak. Horrez gain, 25 pertsonek hartu zuten parte erretzeari uzteko programan, Debabarreneko egoitzan, Eibarko Ardantza kaleko 11. zenbakian.

Minbizia lehen mailako arazoa da, hiru gizonetik bati eta lau emakumetik bati eragingo baitie bizitzan zehar. Pasa den urtean, 4.669 kasu izan ziren Gipuzkoan, AECC datuen arabera. Hala ere, tumore nagusien sendatze gehiago daude eta biziraupena handitu egin daa, ikerketaren emaitza diren aurrerapen zientifiko eta teknologikoei esker. Aurrerapen horiek aldian behin sartzen dira praktika klinikoan, baita tumore jakin batzuetarako baheketa-programak orokortzean ere. Adibidez, gaur egun, minbizia duten hiru pertsonatik bi 5 urte baino gehiago bizi dira diagnostikoaren ondoren.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »