Mirafloresen ondoan parke naturala eta baso-lorategia sortzeko eta egokitzeko lanak 226.757 eurotan adjudikatu dira

Mirafloresen ondoan parke naturala eta baso-lorategia sortzeko eta egokitzeko lanak 226.757 eurotan adjudikatu dira
2022/05/03 eta kitto!
Miraflores inguruko baso-lorategi bat sortzeko eta egokitzeko lanak laster hasiko dira, Udalak egitasmo honen egikaritzea 226.757 eurotan adjudikatu eta gero (BEZa barne); obrak egiteko epea 11 astekoa izango da. Lizitaziora aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, kontratazio-mahaiak erabaki du lanak Urre SA enpresari esleitzea.

 Baso-lorategia egingo den partzelak 16.000 metro kuadrotik gora ditu eta bi gunetan banatuta dago Arrateko errepidearen ondoan dagoen parkearen  —Mirafloreserako sarbidetik gertu—  eta mendi-magalaren artean.

Udaletik azaldu dutenez, "egitasmo honetan hainbat diseinu definitu eta baloratu dira ingurune sozial bat sortzeko, lekuaren ingurumen-baldintzak mantenduz; helburua da asialdirako eta atsedenerako toki bat sortzea, non, ingurumen-ezagutzak eskuratzeko aukera egongo den. Hala, planteatzen dena da sortzen diren guneak era askotariko erabiltzaileei egokitzea; aurreikusten da baso-lorategiak eta aisialdiko tokiak egotea eta aukera ematea pasiatzeko, korrika egiteko, jolasteko edo landa-inguruneaz ikasteko".

Lehengo parkean, azalera horizontal batean, umeentzako jolas ez-konbentzionalen toki bat egingo da naturarekin lotutako jolas-elementuekin; espazio guztiak ikasgela irekiaren tipologia izango du. Honako elementuak egongo dira bertan: egurrezko hesiak, asfaltozko muinoak,  mikado-jolasa eta enborren tipia, pneumatikoen jardinerak, arkatz formako enborren eserlekuak, informazio-panelak, rokodromoak, kareharrizko arrokak edo enbor bertikaleko eskailerak.

Aldameneko mendi-magalean lanak egingo dira handik igaro ahal izateko; bi ibilbide sortuko dira, bata, laburragoa, parketik goraino zuzenean igotzeko, eta, bestea, sigi-sagatsua, eremu guztietatik igaroko dena. Proiektua amaitzeko, jarduketa bat egingo da GI-3950 errepidean (Arrateko errepidea): oinezkoentzako plataforma bat egingo da euste-hormaren ondoan, oinezkoek baso-lorategira iristeko sarbide seguru bat izan dezaten.

Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, “erronka garrantzitsua da Eibarren berdeguneak egokitzea, herriaren ezaugarriak eta ingurunearen orografia kontuan hartuta; hala ere, Udalak garatzen dituen politiketan eta ekimenetan ingurumen-kontzientzia gero eta handiagoa da, eta horrek ahalbidetzen du berdegune gehiago sartzea gauzatzen ditugun hirigintza-proiektu berrietan.”