Miren Atristain: “Oso interesgarria izango litzateke Aixola erostea eta Artikutzako esperientzia errepikatzea”

Miren Atristain: “Oso interesgarria izango litzateke Aixola erostea eta Artikutzako esperientzia errepikatzea”
2021/10/07 17:00
eta kitto!
Biologia ikasketak egin ondoren, Miren Atristain Vega eibartarrak Enobietako urtegiaren (Artikutzan) hustuketak eragin dituen ondorioen ikerketa egin du. Urteetako lana izan da, baina emaitza esanguratsuak eman ditu eta lanak berak errekonozimendua jaso du zientziaren munduan, IkerGazteren azken edizioan saritua izan baitzen.

 

Zer da zehazki Enobietako urtegian aztertu duzuena?

Urtegi handi baten hustutzeak ibaietako ekosistemaren funtzionamenduan eta dibertsitatean nolako eragina duen aztertu dugu. Horretarako, esperimentu bat planteatu genuen eta, hain justu, Donostiako Udalak erabaki zuen Enobietako urtegia hustutzea eta gehiago ez erabiltzea. Beraz, azterketa egiteko aprobetxatu genuen. Hustuketaren prozesu guztia jarraitu ahal izan genuenez, hustuketa aurreko, bitarteko eta ondorengo egoerak aztertu ahal izan genituen.

 

Zenbat denbora iraun zuen prozesu guztiak?

2017ko azaroaren inguruan hasi ginen lagintzen eta 2020ko azarora arte egon gara lanean. Hustutzearen aurreko faseak urtebete iraun zuen, urtebete egon ginen hustuketa aztertzen eta, gero, beste urtebete susperraldia ikertzen.

 

Zein ondorio nagusi atera zenituzten?

Artikutza toki idilikoa da, baina orain dela 100 urte baino gehiago, gure inguruko bailarak bezala, Artikutza degradatzen zihoan. Momentu batean erabaki zuten kontserbatu egin behar zela eta demaseko gorakada izan zuen. Ondorioz, bioaniztasunaren eta ekologiaren aldetik balio handia duen tokia da eta, horregatik, Donostiako Udalak urtegia hustu nahi zuen, geratzen zen puntu beltz bakarra ezabatzeko. Urtegia poliki-poliki hustutzea erabaki zuten, urteetan zehar urtegian metatu ahal izan ziren sedimentuak trinkotzeko eta ahalik eta gutxien garraiatzeko urtegitik behera (gure hipotesi nagusietako bat zen sedimentu garraio horrek kalte gehien eragingo zituela urtegiaren beheko puntuetan), eta ikusi dugu prozesua poliki egin izanak asko murriztu dituela urtegitik beherako inpaktuak eta suspertzea oso azkarra izan dela.

 

Beraz, esperimentu arrakastatsua izan da?

Bai, beno, niretzat tesi perfektua izan da (barreak), gauzak ondo irten direlako. Kontuan izan behar da Artikutza dela, ez dagoela inongo inpakturik, gizakiak ia ez duela bertan eragiten… Oso toki ona da baldintza horretan susperraldia gertatzeko.

 

Aixolako urtegian, adibidez, ezberdina izango litzateke?

Aixolako kasua zehazki aztertu beharko litzateke, baina, gainetik ikusita, estresore multiplea deritzoguna ikusi beharko genuke. Hau da, inpaktu bat baino gehiago dagoela aldi berean eragiten. Adibidez, Aixolan pinu mordoa bota dituzte eta horren ondorioz isurtzen den korrontean sedimentua inpaktua da ibaiarentzat, urtegia hustu behar da (horrek dakarrenarekin), suposatzen dut inguruan baserriak egonda ongarrien efektuak egon daitezkeela… Ondo aztertu beharko litzateke, baina oso interesgarria izango litzateke Eibarko Udalak Aixolako bailara erostea eta Artikutzako esperientzia errepikatzea.

 

Gure inguruneari lagunduko lioke?

Bai. Basogintza nahiko presente dago Aixolako bailaran eta horrek kalte egiten dio errekari eta urtegiari. Gainera, urtegiak berak hesi efektua egiten du eta arrainek ezin dute behera edo gora egin.

 

Zuen ikerketak onespena jaso du eta baita saria ere IkerGazten. Nola bizi izan duzu hori?

IkerGaztek aukera ematen du Euskal Herriko arlo ezberdinetako ikerlari gazteak saretzeko eta oso ekimen polita da. Gainera, ederra da zientzia euskaraz egin ahal izatea. Aurkeztu nuen gaia deigarria dela uste dut eta IkerGazten, zientzia lantzeaz gain, dibulgatzeko gaitasuna kontuan hartzen da.

 

Dibulgazioa aipatuta, badago hesi bat zientziaren eta gizartearen artean?

Hesia gero eta txikiagoa dela uste dut. Jendeak, agian, zientzia gizartetik urrun dagoen zerbait bezala ikusi dezake, baina zientzian egiten diren gauza gehienak gizarteari begira egiten dira. Uste dut gero eta gehiago saiatzen garela zientzia dibulgatzen. Gizarteratze hori oso garrantzitsua da gizartea zientzian egiten diren gauzetan parte izateko eta jakituria eta erramintak edukitzeko. Horrela, kritikoak izan ahalko gara eta gure inguruan gertatzen diren gauzetaz ezaguera gehiago izan dezakegu.

 

Ur gezaren gaian zabiltza buru-belarri?

Ibai ekologiaren inguruan egiten dut lan eta hori ur gezak aztertzen dituen zientziaren barruan sartzen da, limnologian.

 

Azken aldian ur gezaren inguruko albiste kezkagarriak entzun izan ditugu (planeta ur beza gabe geratzen ari dela, eta abar). Horren inguruan aztertzen diharduzu?

Gizakiaren inpaktuek ibaien osasunean nolako eragina duten aztertzen dugu batez ere. Ibaien medikuak garela esan daiteke. Adibidez, urtegiak oso erabilgarriak dira guretzat, baina ingurunean inpaktua dutela kontuan hartu behar dugu. Zentzu horretan, jendeak zentzuz kontsumitu behar du ura. Alde batetik, klima aldaketaren ondorioz ura gero eta baliabide urriagoa delako; eta bestetik, zenbat eta urtegi gehiago eraikiz gero, erreketan gero eta kalte gehiago sortuko ditugulako. Oreka egon behar da. Gizarteak aurrera egiten du eta baita gure beharrak asetzeko erramintek ere, baina askok errekak kaltetzen dituzte eta kontziente izan behar gara erreka horren osasunak gure osasuna baldintzatzen duela.