Modu iraunkorrean mugitzeko deia egingo dute Mugikortasunaren Astean

Modu iraunkorrean mugitzeko deia egingo dute Mugikortasunaren Astean
ETA KITTO 2021, Ira 01

Irailaren 16tik 22ra Mugikortasunaren Europako Astea izango da eta zenbait ekintza egingo dituzte Eibarren, ‘Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean’ goiburuarekin.

Ekintzekin hasteko, hilaren 14an eta 16an, 10:00etatik 11:30era eta 18:00etatik 19:30era, Nordic Walking bataioa egiteko aukera egongo da Itzioko parkean. Bi talde egingo dituzte eta gutxienez sei lagun eta gehienez hamar egon ahal izango dira taldeetan, bata goizean ibiltzeko eta bestea arratsaldean. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea hilaren 10a baino lehen 943 70 84 08 telefonora deituz edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatziz.

Hilaren 14an, barixakuan, 18:00etatik 19:00etara, ‘Karoli el hombre rueda’ bizikleta ikuskizuna egingo da Errebal plazan. Ordubeteko saioa izango da eta sarrera doan eskuratu daiteke Coliseoko leihatilan (astelehenean eta barixakuan 17:30etik 19:30era) edo Kutxabanken plataforman.

Nordic Walkingari berriro eutsiz, hilaren 18an martxa egingo da, Untzagatik 9:30ean hasita, Amaña, Sosola, Arrajola, Pagaegi-Abeletxe, Mandiola Azpikoa, Nagiorbe eta Estaziño kalea zeharkatu ondoren, berriz Untzagara itzuliz. Taldea osatzeko gutxienez sei pertsonak eman beharko dute izena eta 30 da gehienezko kopurua. Bataioarekin gertatzen den bezala, ezinbestekoa izango da izena ematea 943 70 84 08 telefonora deituz edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatziz, kasu honetan hilaren 16a baino lehen.

Egun berean, 18an, bigarren eskuko bizikleten azoka eta konponketa tailerra jarriko dute Untzagan 10:30etik 14:00etara. Azokan parte hartzeko 943 67 02 49 telefonora deitu behar da eta Eibarko Udaleko Ingurumena atalean informazio gehiago aurkitu daiteke.

Hilaren 22an, eguaztenean, autorik gabeko eguna izango da eta, ekintza hori bultzatzeko, Udalbusa dohainik jarriko dute.

Mugikortasunaren Asteari amaiera emateko, irailaren 24an, barixakuan, oinezko paseoa egingo da 9:30ean Toribio Etxebarriako anbulatoriotik hasita. Martxak Urkira joko du anbulatoriotik, eta Txontara iritsi ondoren, udaletxean izango du amaiera, 4 kilometroko ibilbidea osatuz. Kasu honetan ere gutxienez sei pertsonak eman beharko dute izena eta 30 da gehienezko kopurua, eta ezinbestekoa izango da izena ematea 943 70 84 08 telefonora deituz edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatziz, kasu honetan hilaren 21a baino lehen.

Ekintzetan izena emateko orduan ‘MEA202 izen-ematea’ adierazi behar da mezuaren gaian eta datuak bidali behar dira (izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa, jardueraren izena, data eta ordua).

mugikortasunaren astea1

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »