Mugikortasunaren Europako Astearen harira Udalak antolatu dituen jarduerak aurkeztu dituzte

Mugikortasunaren Europako Astearen harira Udalak antolatu dituen jarduerak aurkeztu dituzte
2020/09/11 eta kitto!
Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du Udalak aurten ere. “Isurketarik gabeko mugikortasunaren alde” goiburuari jarraituz, Udaleko Ingurumen sailak hainbat jarduera antolatu ditu eta horien berri eman du gaur goizean Jon Iraola Ingurumen saileko zinegotziak. Azaldu duenez, “beste hainbat jarduera bezala, Mugikortasun Aste hau COVID-19aren pandemiak baldintzatuta dator, ezinbestean. Hori dela-eta, programatutako ekintza guztiak segurtasun-neurri zorrotzak betez egingo dira”. Horren harira, egitaraua beste batzuetan baino murritzagoa izango dela gaineratu du.

Kirol Patronatuarekin eta Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldearekin batera, Nordic Walking hastapen-ikastaroa antolatu dute irailaren 15 eta 17rako. Bi talde osatuko dira (bata goizez eta bestea arratsaldez) eta saioak ordu eta erdikoak izango dira (goizez 10:00etatik 11:30era eta 18:00etatik 19:30era). Ikastaroa Unbeko Kiroldegian izango da, Esteban Vouillozen eskutik. Doan izango da eta izena emateko 943 70 84 08 telefono zenbakira deitu edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi behar da (astelehenean, irailaren 14an itxiko da izen-ematea). Koronabirusa dela eta, talde bakoitzean 10 lagun onartuko dituzte gehienez.

Bestalde, ikasitakoa praktikan ipintzeko aukera egongo da, egitarauaren baitan bi ibilaldi antolatu dira eta. Irailaren 19an izango da lehena, 10:00etan Untzagatik abiatuta, eta parte-hartzaileek honako ibilbidea beteko dute: Untzaga-Ipurua-Unbe-Txonta-Untzaga (8 bat kilometro). Eta bigarrena irailaren 25ean izango da eta 16:30ean abiatuko da Untzagatik. Ibilbidea honako hau izango da: Untzaga-Amaña-Sosola-Arrajola-Jardiñeta-Untzaga (8 kilometro inguru). Ibilaldietan parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman beharko dute, 943 708408 telefono zenbakira deituta edo posta elektronikoz, ingurumena@eibar.eus helbidera idatzita. Izena emateko epea hilak 18an eta 24an itxiko da, hurrenez hurren. Kasu honetan ere ibilbide bakoitzerako 10 lagun onartuko dira gehienez.

Horrez gain, irailaren 19an (zapatua), 10:30etik 14:00etara, erabilitako bizikleta eta patineteak saltzeko azoka egingo da Untzagan. Azaldutakoaren arabera, zerbait salgai jarri nahi duenak 943 670249 telefono-zenbakira deitu beharko du (irailaren 18ra arteko epea izango du izena emateko) eta bertan azalduko dizkiote parte hartzeko jarraibideak. Horrez gain, Debabarrena txirrindulari taldekoek bizikletak konpontzeko doako tailerra eskainiko dute Untzagan bertan. Azokari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, 943 670249 telefono zenbakira deitu.

Azkenik, irailaren 19a Autorik Gabeko Eguna izango da eta, hori dela eta, egun horretan Udalbus zerbitzua doakoa izango da egiten dituen ibilbide guztietan.