Mugikotasunaren eta mugakide diren herrien arteko zirkulazioaren inguruko zalantzak argitzen

Mugikotasunaren eta mugakide diren herrien arteko zirkulazioaren inguruko zalantzak argitzen
2020/10/28 eta kitto!
Herritarrok zalantzak ditugu mugikortasunaren inguruan. Izan ere, arau orokor moduan eta salbuespenak salbuespen, herritarrek ezingo dute beren bizilekutik atera. Zalantzak argitze aldera, irizpideen zerrenda prestatu du Ertzaintzak.

Ohiko bizilekutik atera gaitezke azalera handiko gune batera erosketak egitera joateko?
Elikagaiak edo baimendutako beste produktuak udalerrian bertan edo mugakide diren udalerrietan eros daitezke. Bizilekuan edo mugakide den herrian ematen ez diren zerbitzu eta horniduretarako, salbuespen gisa, bizilekutik hurbilen dagoen azalera handiko gune batera edo antzeko batera joatea baimenduko da.

Mugikortasunari dagokionez, zer da udalerri mugakidea?
Bizilekuaren ondoko udalerria da. Zuzenean sartzen da bertara, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro gabe.

Udalerritik kanpoko adinekoen egoitzetara joan gaitezke?
Bai, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) barruan baldin badago, eta zentroak berak baimendutako bisita baldin bada.

Posible  da espetxeetara joatea?
Bai, beti ere Espetxe Agintaritzak emandako baimena izanez gero. EAEtik kanpoko kartzela bat baldin bada, lurralde horretako Gobernuak horretarako aukera eman beharko du.

Zilegi da autoa tailerrera eramateko edo kontzesionariora joateko bizilekutik ateratzea?
Bai, atzeraezinak eta nahitaezkoak diren kasuetan.

Baimenduta dago zerbitzu erlijiosoetara edo kultu-zerbitzuetara joatea?
Bai, salbuespen gisa, bizi den udalerrian ez daudenean eta beti ere hurbilen dagoen lekura.

Joan  gaitezke pertsona bat jasotzera aireportura edota geltokira?
Bai, bere bizilekura itzultzeko bakarrik.

Bisitatu ditzaket mendekotasuna duten senideak, desgaitasuna duten pertsonak edo bereziki ahulak diren pertsonak?
Ez. Laguntza eta zaintza lanak egitera bakarrik joan ahal izango da horien etxera.

Ortuko lanak egiteko lekualdatzea onartzen da?
Bai, ortua udalerrian bertan edo mugakide den herrian baldin badago.

Bigarren etxebizitzara joan gaitezke?
Ez, inguruko udalerrietan ez baldin badago.

Zilegi  da sindikatuei edo alderdi politikoei loturiko jarduerengatik lekualdatzea?
Bai. Jarduera instituzionalak direlako.

Hilerriak bisitatu daitezke?
Bai, baina soilik bizilekukoak edota udalerri mugakideetakoak.

Kultur etxeetan, kirol eskoletan eta abarretan egiten diren jardueretan parte hartzeko atera gaitezke?
Bai. Udalerrian bertan edo mugakide diren udalerrietan baldin badira.

Bizilekutik edo ondoko udalerritik kanpo entrenatzera joan gaitezke?
Ez, kirolari profesional, erdi-profesional, Basque Team edo Goi Mailako kirolari akreditazioa eduki ezean. Taldean entrenatzeko eta lehiatzeko baimena izango dute, mugikortasun eta kopuru mugarik gabe.

Kirol jarduera bat egitera joan gaitezke beste herri bateko kiroldegira?
Bai, herri mugakidea baldin bada bakarrik.

Beste udalerri edo erkidego batzuetara joan ahal da ehizara edo arrantzara?
Ez. Bi jarduera horiek bizilekuan bertan edo mugakideetan bakarrik egin ahal izango dira.