Murrizketa guztiak bertan behera laga ditu Labik

Murrizketa guztiak bertan behera laga ditu Labik
2022/02/10 eta kitto!
Labik pandemiaren harira ezarritako murrizketa guztiak bertan behera lagatzea erabaki du. Neurriak astelehenean sartuko dira indarrean eta, osasun larrialdia amaitutzat eman ondoren, Labi bera sakabanatzea erabaki du.

Eusko Jaurlaritzak zapatuan emango du jakitera zehatz-mehatz neurriak nola arinduko dituen, baina gaur eman duten berriaren arabera, ordutegi mugak amaituko dira, ez da gehienez hamarnaka eseri behar izango eta ez da edukiera mugaturik egongo, besteak beste. Hala ere, Espainiako Gobernuak ezarritako mugek indarrean jarraituko dute: barrualdeetan maskara erabiltzearen derrigortasuna eta kirol-estadioetako edukiera.

Iñigo Urkullu lehendakariak hiru arrazoi eman ditu gaur hartutako erabakia arrazoitzeko: txertaketa, datuen hobekuntza eta omikron aldaeraren intzidentzia baxuagoa. Hala ere, “zuhurtasuna mantentzeko” deia egin du. “Orain erantzukizunak aginduak ordezkatzen ditu. Susperraldirako prest gaude”, gehitu du.