Nerea Isasi Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari izendatu dute

Nerea Isasi Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari izendatu dute
2022/11/02 eta kitto!
BERRIAko Isabel Jaurena kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Nerea Isasi izanen da Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari berria. Miren Elgarresta ordezkatuko du, hura Emakundeko zuzendari izendatu berri baitute. Eider Mendoza bozeramaileak adierazi duenez, Isasi Eibarkoa da; irakasle ikasketetako diploma du, eta Psikopedagogiako lizentzia. Hamabost urtez hezkuntza publikoan lan egin du, eta azkeneko zazpiak lanbide heziketan eman ditu. Berdintasunari buruzko goi maila ezartzen lagundu zuen Isasik, eta irakasle izan zen bertan.

Mendozak nabarmendu du Berdintasun Zuzendaritzak orain arte egindako lana «erabakigarria» izan dela, eta Gipuzkoan «lortutako aurrerapenak sendotzen» lagundu duela. «Hemendik aurrera, Isasiren zuzendaritzapean, seguru nago horrela izango dela», adierazi du Mendozak.

Mendozak erran du, gainera, kargu horren izendapena «oso garrantzitsua» dela. «Europan desberdintasun maila txikienak dituzten lurraldeen artean kokatu nahi dugu Gipuzkoa, eta, bide horretan, desberdintasunari aurre egin nahi diogu bere alderdi guztietatik: sozialetik, ekonomikotik, linguistikotik, eta baita genero ikuspegitik ere», gehitu du.