Neurri berriek 150 kasu baino gehiagoko tasa duten udalerriei eragingo diete

Neurri berriek 150 kasu baino gehiagoko tasa duten udalerriei eragingo diete
2021/11/16 eta kitto!
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ezagutzera eman ditu intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik gorakoa duten udalerriei zuzendutako neurri berriak.  Ekitaldi jendetsuak saihestera edo horiek modu seguruan egiteko neurriak indartzera bideratutako neurriak dira. Bertan behera utzi edo atzeratu egingo dira ekitaldiak, jaiak eta bestelakoak, udalek adierazten dutenean ezingo dituztela prebentzio neurriak bermatu, bereziki jana eta edana tartean daudenetan, horretarako maskarak kendu behar direlako. Neurriak indartu beharko dira bestelakoetan, barrukoetan zein kanpoan egiten direnetan: leku gehiago, bideak ireki jendearen zirkulazioa arintzeko, eta mugatu jatekoak eta edatekoak emateko guneak. Ahal dela ekitaldiak kanpoan egiteko eskatu du. Bihartik aurrera sartuko dira neurriok indarrean.

Iragarri duenez, gaueko aisialdirako lekuetan eta jatetxeetan COVID ziurtagiriari eskatzeko baimena galdegingo dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari.

Agindu berriarekin batera, indarrean jarraituko dute maskara nahitaez erabiltzea, eskuen higienea eta espazio itxien aireztapena bezalako neurriek, bai eta urriaren 6ko aginduaren eranskinean jasotakoek ere. Osasun sailburuak esan duenez, “txertoa da birusa geldiarazteko tresnarik onena, eta neurriak bete behar ditugu atzera ez egiteko”.

Hauek dira neurri berriak ezarriko diren 5.000 biztanletik gorako udalerriak:

Araba: Agurain

Bizkaia: Abadiño, Bermeo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Gernika-Lumo, Gorliz, Lekeitio, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zalla eta Zornotza.

Gipuzkoa: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.