Neurri zorrotzak eta ardura handia ehorztetxeetan

Neurri zorrotzak eta ardura handia ehorztetxeetan
2020/03/26 eta kitto!
Koronabirusak gizarte osoan du eragina, baita bizitzaren zikloan azken katebegia osatzen duen piezan ere, ehorztetxeetan. Inoiz ez da erraza izaten euren lana, baina sasoi honetan are gutxiago. “Oso neurri zorrotzak hartu behar ditugu orain”, Loren Baskaran Funeuskadiko langileak aipatu digunez. “Hernaniko ehorztetxe batean, adibidez, langileak koronabirusarekin kutsatu ziren eta ehorztetxea itxi egin behar izan zuten. Hori gertatuz gero, nor arduratzen da hildakoak jasotzeaz eta hil ondorengo prozesuaz?”, galdetzen du.

Lana tentsio handiarekin egiten dutela dio Baskaranek. “Hildako guztiei ez diete koronabirusaren probak egiten. Beraz, ez dakigu zer gerta daitekeen. Lanetik kanpo bizitza bat dugu, familia, eta arduratuta gaude”. Baskaran, gainera, asma gogorra duen pertsona da eta koronabirusa bereziki kaltegarria da gaitz hori dutenentzat. Beraz, telelana egiten du ahal den neurrian.

irazabal

Baliabide justuak

Momentuz Eibarren ez dute koronabirusaren ondorioz hil den pertsonarik hartu, baina bai Gasteizko Txagorritxu ospitaletik ekarritako bi. Koronabirusaren ondorioz hildakoak jasotzeko protokolo zehatza dago ezarrita eta NBEak (Norbere Babeserako Ekipoak) jantzi behar dituzte ehorztetxeetako langileek. Gero, jantziak erabili ondoren, bota egin behar dituzte. “Arazoa da merkatuan ez dagoela NBE askorik. Batzuk lortu ditugu, baina ez ditugu soberan. Azken finean, guk kasu berezietan erabili izan ditugu horrelakoak, ebolaren kontuarekin eta abar, baina normalean ez”. NBE gehiago eskatu dituzte, baina zain daude. Eta hildakoen kopurua hazten bada? “Posible izango litzateke guzti honek gainezka egitea eta beharrak asetzeko nahikoa baliabide ez izatea. Madrilen, adibidez, gertatu da, eta oso baldintza larrietan dihardute lanean. Albistegietan ikusi den moduan, izotz-pista erabiltzen hasi dira gorputegi bezala, eta gorpuak erretzeko itxarote-zerrenda dago”.

 

Ia agurtu barik

Koronabirusa duen pertsona bat hiltzen denean, gorpua zaku estanko batean sartu behar dute lehenik. “Ez dago hileta elizkizunik edo agurrik, ezta beilarik ere, eta kutxa ondo itxi eta desinfektatu ondoren, tanatoriora, errausketa-labera edo kanposantura eramaten dugu. Hilerrira familiako kide gutxi batzuk bakarrik joan daitezke, beti ere segurtasuneko distantzia mantenduz”.

Errausketaren aldetik, gainera, gorpuak ahalik eta azkarren erretzea eskatu diete, eta horrela zehaztu dute boletin ofizialean. “Larrialdi egoera honetan, pertsona bat hiltzen den momentutik 24 ordu pasa baino lehenago erretzeko baimena dugu orain”. Autopsiekin ere modu berezian jarduten dute. “Gauza oso berezia ez bada, ez da autopsiarik egiten. Institutu anatomiko forentseak itxita daude, egoera oso arriskutsua delako”.

Koronabirusa ez den beste kausa batengatik hiltzen diren pertsonen familiei, bestetik, zera gomendatzen die: “etxean hil badira, agurra etxean egitea; eta ospitalean hil badira, ospitalean agurtzea. Gero, gu joango gara gorpuaren bila. Kasu hauetan ez ditugu NBEak erabiltzen, bestela traje barik geratuko ginatekeelako, baina maskarak eta eskularruak erabiltzen ditugu, eta gure esku dauden neurri guztiak hartzen ditugu”. Baskaranek dio jendeak ulertzen duela neurri berezi hauek hartzea, egoera berezia delako.

 

Argazkia: El Correo.