Ordezkari politikoek zuzenean erantzun zituzten jubilatuen galderak Untzagan

Ordezkari politikoek zuzenean erantzun zituzten jubilatuen galderak Untzagan
ETA KITTO 2019, Mai 21

Eibarko pentsiodun eta jubilatuen eskutik astelehenero Untzagan egiten den mobilizazioa berezia izan da aste honetan, domekan Udal Hauteskundeak izango direla eta, horren aitzakiarekin gure herriko alkategaiak plazan elkartu zituzten eta, pentsioen inguruko hainbat galderari erantzuteko. Izan ere, Euskadiko Pentsiodunek 2018ko urtarrilaren 15ean ekin zioten pentsio publiko eta duinen aldeko borrokari eta harrezkero 15 hilabete daramatzate etenbarik mobilizazioak egiten. Horregatik, pentsioen inguruko eskumena Madrilgo eta Gasteizko gobernuek dutela jakin arren, “hauteskunde kanpaina honetan ere pentsioen gaiari heldu behar zaiola” pentsatzen dutela gaineratuta eta, erlojua eskuan, moderatzaileak galdetzeari ekin zion.

Untzagako harmailetan zeuden pentsiodunen galderei erantzuteko prest, parean jarri ziren Javier Nuñez (PP), Miguel de los Toyos (PSE-EE), Josu Mendicute (EAJ-PNV), Julen Bollain (Elkarrekin-Podemos) eta Gorka Errasti (EH Bildu). Hasteko, pentsioen balioa gutxienez KPI errealaren arabera handitzea nola ikusten zuten galdetu zien eta denak erabat ados agertu ziren, eskaera hori zilegia ez ezik premiazkoa ere bazela gaineratuta.

jubilatu-politiko mahainguru21

Jarraian, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzearekin ados zeuden ala ez galdetu zien, galderari proposamen bat gehituta: Espainiako instituzioek hori betetzeko ardura bere gain hartu bitartean, EAEn gutxieneko kopuru horretara ailegatzeko osagarria aplikatzea. Horren aurrean, De los Toyosek gogora ekarri zuen Pentsiodunen Plataformak aurkeztutako mozioa onartu zutela Eibarko Udalean, “baina hortik aurrera ezer gutxi egin dezakegu, Madrilgo gobernuari dagokion gaia da eta. Hala ere, ahal dugun neurrian pentsiorik bajuenak osatzen ahalegintzen gara, horretarako hainbat dirulaguntza emanez”. Mendicutek oso argi laga zuen pentsioen ardura zeinena den: “Kotizazioak estatuari egiten bazaizkio, pentsioen inguruko eskaerei erantzutea ere estatuari dagokio, ezin dugu horrelako gasturik gure gain hartu. Bestalde, pentsioak igotzeko beste bide batzuk badaude, adibidez gutxieneko soldatak igota. Hemengo gutxieneko soldata Europako beste herrialdeetan dagoena baino askoz txikiagoa da eta horiekin parekatu beharko genuke”. Bollainek, berriz, Legebiltzarrean eskaera hori onartzekotan egon zirela azaldu zuen, “EH Bildu eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkariek aldeko botua eman genuen, baina besteek kontrakoa eman zutenez, azkenean mozioak ez zuen aurrera egin”. PP eta EH Bilduko ordezkariak ere 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde agertu ziren eta, azken honen berbetan, “hori lortzeko borondate politikoa baino ez da behar”.

jubilatu-politiko mahainguru02

2011. eta 2013. urteetako pentsio eta lan erreformek eros-ahalmenean eta beste hainbat arlotan kalteak eragin dituztela, horretan ere denak ados azaldu ziren eta, jakina, horiek ekarritako jasangarritasun faktorea eta beste guztiak indargabetzearen alde agertu ziren denak eta, hurrengo galderan planteatu zieten 1.200 euroko gutxieneko soldatari ere baiezko biribila eman zioten aho-batez.

Soldata eta pentsioei begira, andra eta gizonen artean ematen den aldearekin amaitzeko neurriak hartu behar direla, hori ere argi ikusten dute alderdi guztiek eta, besteak beste, alargun-pentsioak “Espainiaren lotsarik handienetakoa” eta “beste sasoi bateko matxismoaren ondorioa” direla bota zituzten. Jubilatzeko adinaren inguruan berbetan, berriz, aurretik jubilatu nahi dutenei erreztasunak eman behar zaizkiela pentsatzen dute denek, “bizitza osoa lanean eman eta gero, 40 urte kotizatzearekin nahikoa eta sobera” izan beharko litzatekeela gaineratuta.

Eta, azken galderari erantzutean ere adostasuna nagusitu zen eta ordezkari guztiak Pentsioen Sistema Publikoa indartzearen alde azaldu ziren: “Fondo pribatuak eta horrelakoak egon arren, oso argi izan behar dugu zutabe nagusia beti pentsio publikoen sistema izan behar dela eta hori indartu eta bermatu beharra dagoela. Hortik kanpora egindako edozein proposamen bidegabea eta ez solidarioa litzateke”. Nuñezen iritziz, “gaur egungo sistemak aldaketak behar ditu” eta, amaitzeko, pentsioen sistema propioaren aldeko aldarria egin zuen Errastik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »