Organikoaren eta errefusaren edukiontzietan pedalak ezartzeari ekingo diote bihartik aurrera

Organikoaren eta errefusaren edukiontzietan pedalak ezartzeari ekingo diote bihartik aurrera
2020/03/29 eta kitto!
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak neurri berriak hartu ditu Koronabirusak eragindako Alarma Egoeraren aurrean. Hala nola, zenbait edukiontzi zabalik utzi dira eta beste hainbatetan pedalak ezarriko dira astelehenetik aurrera, herritarrek edukiontziak uki ez ditzaten. Helburu da herritarren segurtasuna bermatu eta Covid-19aren hedapena saihestea.

Guztira 306 edukiontzitan ezarriko dira pedalak, ia 84.000 euroko inbertsioarekin: herri guztietan organikoan eta Deba eta Mutrikun baita errefusan ere, edukiontzi ezberdinak dituztelako.  Instalazioa Koronabirusagatik kutsatu gehien dauden herrietatik hasiko da: Elgoibar, Eibar eta Ermua. Gainerako asteetan ekingo zaio eskualdeko beste herrietan, hurrenez-hurren, apirilaren 6ko astean Mutrikun, Mallabia eta Mendaron eta 13koan Deban eta Soraluzen. Ezarpena progresiboa izango da herriz-herri eta apirilean zehar bukatua geratuko da.

Gainera, Deba eta Mutrikuko Udaletako errefusaren edukiontzietan pedal guztiak instalatzeari apirila amaieran emango zaio bukaera.

Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak nabarmendu du neurri honek “epe motzean herritarren segurtasuna bermatzeaz gainera koronabirusa dela eta, epe luzera hiri-hondakin solidoen edukiontziak egokitzen dituela guztion erosotasunerako, bereziki mugikortasun urriko pertsonek eta auzotar adinekoenek irekitzea errazten du”. Egunotan garbiketa langileak burutzen ari diren lana txalotu eta eskertu du: “sekulako lana burutzen ari dira guztioi egoera hau errazagoa egiteko. Ezinbesteko zerbitzua da garbiketarena, hondakin bilketarena. Pixkanaka hobetzen goaz, herritarrentzako erosoagoa eta, birziklapena medio, ingurumenarentzako jasangarriagoa bilakatuz”. Birziklatzen jarraitzeko eta kontsumo arduratsua gauzatzeko deia egin du.

irazabal

Organikoaren eta errefusaren edukiontziak zabalik, herritarren segurtasunerako

Hasieran aipatu eran, edukiontzi organikoen sarraila irekiko da. Mankomunitateak herritarrei dei egiten die edukiontzien irletan lurrean poltsarik ez uzteko, higiene neurriak bermatu ahal izateko.

Edukiontzi grisak aurreko astean zabaldu ziren.

Edukiontziak zabalik egoteagatik, ordea, birziklatzen jarraitu behar da, koronabirusa duten pertsonek izan ezik; hauek ezin dute birziklatu, soilik edukiontzi grisak erabili behar dituzte.

Neurri hau Alarma Egoeran soilik mantenduko da. Bitarte honetan, herritarrek ez dute zertan txartelik erabili behar izango, eta epe hau ez da kontutan izango erabilera kopuru minimoa (25) kontatzerakoan.