Osakidetzak bihar irekiko du 12-15 urte bitartekoek txertaketarako hitzordua hartzeko aukera webgunearen bitartez

Osakidetzak bihar irekiko du 12-15 urte bitartekoek txertaketarako hitzordua hartzeko aukera webgunearen bitartez
2021/07/20 eta kitto!
Bihartik aurrera, Euskadiko 12 urtetik gorako biztanleek Osakidetzaren webgunearen bidez lortu ahal izango dute txertaketa-hitzordua, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez,  Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Euskadin 12 eta 15 urte bitarteko 87.000 gaztek baino gehiagok izango dute hitzordua hartzeko aukera bihar goizetik aurrera.

Txertaketari dagokionez, sailburuak hainbat ohar egin ditu:

- Joan den astean, Euskadik milioi bat pertsona baino gehiago zituen bigarren dosiarekin. Gaur egun, 16 urtetik gorako Euskadiko biztanleen % 62k baino gehiagok amaitu dute txertaketa-prozesua.
- Datorren astean amaituko da AstraZenecaren administrazioa 60 urtetik gorakoentzat.
- 29 urtetik beherakoei dagokienez, orain arte 146.094 hitzordu eman dira.

Hala ere, uztaileko eta abuztuko agendetan tarteak daude oraindik. Hori dela eta, sailburuak iragarri du bihar Osakidetzak bere webgunean 12 eta 15 urte bitarteko pertsonei txertoa jartzeko hitzordua eskaintzeko aukera jarriko du martxan. “Horrela, talde horren txertaketa prozesua ikasturtea hasi baino lehen hasiko da", adierazi du Gotzone Sagarduik.

Bestalde, txertaketetan egunero soberakinen bat izaten denez, kanal bat jarriko da martxan behar bezala egiaztatutako lan- edo ikasketa-arrazoiengatik beste herrialde batzuetara joateko txertoa hartu behar duten pertsonentzat. Informazioa Osasun Sailaren webgunean egongo da eskuragarri bihartik aurrera.

Azkenik, 12 urtetik gorakoen txertaketa-prozesua hasi ondoren, sailburuak adierazi du Euskadiko txertaketa-prozesuari buruzko informazio-buletina aldatu egingo dela. "Horrek lehen dosian eta jarraibide osoarekin txertatutako pertsonen ehunekoak pixka bat murriztea ekarriko du", azaldu du.