Osakidetzak premiazkoak ez diren kirurgia guztiak atzeratu ditu

Osakidetzak premiazkoak ez diren kirurgia guztiak atzeratu ditu
2021/04/26 eta kitto!
Azken asteotan erregistratu den COVID-19 kasuen igoera Osakidetzaren jarduera asistentzialean igarri da, “tentsio-une handia sortuz”, eta, ondorioz, premiazkoak ez diren kirurgiak atzeratzea erabaki dute. Horrela, gutxienez bi astez ebakuntza onkologikoak, premiazkoa edo atzeraezinak baino ez dira egingo.

Osakidetzaren Kontingentzia Plana 3. agertokian dago une honetan (bost agertoki jasotzen itu planak). Ospitale-sareak kritikoen 363 ohe ditu zabalik eta haietatik % 53 COVID-19ak eragindako konplikazioengatik ospitaleratutako pazienteek okupatzen dute: 192 ohe, guztira. ZIUetako okupazioa % 83 da gaur egun, paziente guztiak kontuan hartuta. Beraz, 363 ohetatik 302 daude okupatuta.

Osakidetzak jakitera eman duenaren arabera, martxoaren hasieran azken uhin pandemikoa igotzen hasi zenetik, ZIUn ospitaleratuta egon diren COVID-19 pazienteen batez besteko adina 61 urtekoa izan da. Paziente gazteen kopuruak gora egin du, eta 80 urtetik gorako pazienteen kopurua murriztu egin da, txertoaren ondorioz. Kritikoen unitatean batez besteko egonaldia 18 egunekoa izan da, eta heriotza-tasa, % 15ekoa.