Osasun publikoaren aldeko mobilizazioa deitu dute martxoaren 23rako

Osasun publikoaren aldeko mobilizazioa deitu dute martxoaren 23rako
2023/03/16 eta kitto!
Eibarko Pentsionistak, Eibarko Ernai, Matraka Neska* Gazte Taldea eta Nalua Eibarko Feministak agerraldia egin dute gaur arratsaldean Arrate Kultur Elkartean, beste toki batzuetan bezala, Eibarren ere osasun publikoaren aldeko mobilizazioa deitzeko. Esandakoari jarraituz, “Eibarko komunikabideetara bidali genuen gutunean adierazi bezala, dagoeneko Osakidetzaren egoera, Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzu publikoaren kalitatea, herritarron kezka nagusienetarikoa da. Pandemiaren garaian etorri ziren hainbat aldaketa eta murrizketa gelditzera etorri dira. Lehen presentzialak ziren kontsulta asko gaur egun telefonoz egiten dira, eta mediku espezialistekin zita lortzea oztopoz beteriko bidea bilakatu egin da”.

Gauzak horrela, agintzen duten alderdi politikoen aldetik osasungintza pribatizatzeko interes eta ahaleginak salatu dituzte: “Gure inguruan, euren egoera ekonomikoak ahalbidetzen dielako, etsita, lagun batzuk osasungintza pribatura jo egin dute, eta batek baino gehiagok aseguru pribatua kontratatu egin du. Jokaera hori ulertzen dugun arren ez dugu bat ere konpartitzen, uste baitugu, hori ez dela bidea, hori hain zuzen baita, murrizketak egiten ari direnen helburua, hau da, osasungintza pribatua bultzatu Osakidetza zerbitzu publikoaren kaltetan; edo beste modu batez esanda, Osakidetza zerbitzu publikoa ahalik eta gehien pobretu, osasungintza pribatuaren patronalaren irabaziak handituz. Eta hori, ezin dugu onartu, jokoan asko dugulako, finean gure osasuna, gure bizitzak erdian daudelako, eta ezin dugu gure osasuna utzi, diru irabaztea beste helbururik ez duen jendearen esku. Horregatik, gure desadostasuna adieraztea erabaki dugu, eta eibartarroi dei egiten diegu gurekin batera euren ezinegona erakustera. Garaiz gabiltza Osakidetza defenditzeko, eta merezi dugun kalitatezko osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzeko”.

Horren aurrean herritarrak mobilizatzera deitu dituzte, martxoaren 23an, 18:00etan, Untzagatik irten eta Toribio Etxebarriako anbulatorio pareraino manifestazioan joateko. Azpimarratu dutenez, “denoi eragiten digun arazoa izanda, garrantzitsua da ahalik eta jende gehien batzea eta protestan parte hartzea”.