Osasun sailburuak 60 urtetik gorakoei dei egin die errefortzuko txertorako hitzordua eskatzeko

Osasun sailburuak 60 urtetik gorakoei dei egin die errefortzuko txertorako hitzordua eskatzeko
2021/11/30 eta kitto!
Osakidetza atzo hasi zuen 60 urtetik gorakoei txertoa jartzeko hitzorduak ematen. Hirugarren dosi horretarako sei hilabete igaro beharko dira azken txertotik, Pfizer edo Moderna jaso zuten pertsonen kasuan; eta AstraZeneca jaso zutenen kasuan, azken dositik hiru hilabetera eman ahal izango da.  “Espero dugu erantzuna lehen aldian bezain ona izatea", adierazi zuen atzo  Radio Euskadiko "Boulevard" saioan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

Pediatriako txertoari dagokionez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu zuen txertoa funtsezko tresna dela, eta horregatik “uste dugu funtsezkoa dela 12 urtez beherakoentzat ere, nahiz eta gaixotasunaren afekzioaren larritasuna txikiagoa izan talde honetan”. Gotzone Sagarduik aitortu zuen oraindik ez dakitela noiz iritsiko den txerto hori, eta zenbat dosi jasoko diren, baina ziurtatu zuen Euskadira iristen diren unean inokulatu egingo direla, “gure baliabide eta ahalegin guztiak jarriko ditugu ahalik eta denbora laburrenean egiteko, betiere segurtasuna bermatuz”.

Egoera epidemiologikoari dagokionez,   pandemiaren bilakaera "kezkagarria" dela esan zuen Osasun sailburuak, "adierazle guztiek okerrera egin baitute". Osasun-larrialdiaren deklarazioari buruz galdetuta, esan zuen adierazle guztiak hartu behar direla kontuan, ez soilik ZIUren okupazioarena. Atzoko buletinean 600 kasu positibo inguru zeuden eta  ospitaleetan 200 pertsona baino gehiago zueden COVID-19arekin, horietatik 40 inguru zainketa intentsiboetako unitateetan. “Nahikoa seinale dira gure esku dagoen guztia jartzeko eta birus honi aurre egiten saiatzeko, orain”, azpimarratu zuen Sagarduik.