‘Pagatxa mugimendua’ prozesua jarriko dute martxan maiatzaren 26an

‘Pagatxa mugimendua’ prozesua jarriko dute martxan maiatzaren 26an
2021/05/14 eta kitto!
Pagatxa emakume elkarteak eta Entreamigos – Lagun Artean kolektiboak ‘Pagatxa mugimenduan’ ekimena jarriko dute martxan maiatzaren 26an. 28 urtez lan handia egin du elkarte eibartarrak eta urtebete iraungo duen prozesuaren bitartez etorkizunera begira jarriko da. Herriko emakumeak gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera, mugimendua denon artean egiteko.

 

Pagatxa emakume taldea 1993an sortu zen, gizarte eta kultur alorreko jarduerak antolatzeko asmoarekin. 500 bazkide inguru dira gaur egun eta era askotako ekintzak antolatzen dituzte: ingeles ikastaroak, irakurketa eta idazketa tailerrak, zine-foruma, irteerak, bidaiak… “Ekintza kulturalak egiteko eta denbora tarte atsegina pasatzeko sortu genuen taldea, baina egindako guztiak asko balio izan digu emakume bezala ahalduntzeko”, Arrate Iturralde Pagatxako kideak esan digunez.

Gauza asko egin eta lortu dituzte, baina errutina batean sartu direla uste dute Pagatxakoek. Horrela, ‘Pagatxa mugimenduan’ prozesua abiatuko dute, “elkartea berritzeko, gauza berriak egiteko eta jende berria sartzeko asmoz”, diosku Iturraldek.

Berritze-prozesua hastea beharrezkoa dela uste dute, baina egindakoa ahaztu barik. “Indar handiarekin hasi ginen, zerotik, eta gauza asko egin ditugu”, Iturralderen ustez. Gizartea aldatu egin da, mugimendu feminista asko indartu da eta Pagatxak aldea igarri du. “Gazteek demaseko bultzada eman dute”, dio Iturraldek. “Nik azpimarratuko nuke Pagatxa moduko elkarteek zabaldu diotela bidea gaur egungo egoerari”, diosku Pagatxak prozesu berri honetan bidelagun izango duen Aniaiz Ariznabarretak. “Pagatxa sortu zenean emakumeak ez zeuden antolatuta eta eurei esker da posible gaur egun beste diskurtso eta aldarrikapen batzuk finkatzea”, gehitzen du.

Entreamigos – Lagun Artean erakundeak, bere aldetik, 1994. urteaz geroztik garapenerako lankidetza dihardu sustatzen Guatemala eta Euskal Herriaren artean, eta urte hauetan zehar hainbat ekintza bultzatu ditu Eibarren. Izaskun Rodriguez eibartarra elkarteko kide izatea da horren arrazoi nagusietako bat eta, Iturraldek esan digun bezala, Izaskunen ekimenez pentsatu zuten Pagatxan berritze prozesua abiatzea.

‘Pagatxa mugimenduan’ proiektu zabal baten barruan sartzen da. “Proiektuak ardatz ezberdinak ditu eta, sentsibilizaziotik haratago, egonkortuta dagoen elkarte batean eragite-gaitasuna handitzea bilatu nahi du, besteak beste. Lagun Arteanek proiektua garatzeko nahia zuen, eta Pagatxak berrindartzeko eta haize freskoa sartzeko beharra”, azaldu digu Ariznabarretak.

 

Pagatxak zehaztutako bidetik

Nork daki hilabete honetan hasiko duten prozesuak nora eramango dien, baina bidea aberasgarria izango dela aurreikusi daiteke. Lagun Arteanek eskura dituen baliabide guztiak jarriko ditu prozesua garatzeko eta, esan bezala, Ariznabarreta izango da gidaria. Gainera, Guatemalako emakumeen esperientziak ekarriko dituzte, beste prozesu batzuk ezagutzeko asmoz. “Euren egoera oso ezberdina da gurearekin alderatuz, baina oso lagungarria izan daiteke beraiek egindakoa ezagutzea”, Iturralderen ustez.

Pagatxaren bidea ez da emaitza jakin batzuk lortzera bideratuko. “Lagun Arteanek ez du emaitza bat inposatuko, prozesu bat garatzeko aukerak emango ditu bakarrik”, Ariznabarretaren berbetan. Horrela, prozesua Pagatxaren beharretara eta neurrira egokituko da, eta elkarteak bere kabuz lortuko ditu helburuak. “Pagatxaren ibilbidea bera eta askotan emakumeok eragiteko erabiltzen dugun bide nagusia esperientzia da, eta esperientziak elkar trukatzea, eta prozesu hau beste batzuen esperientziak ekartzera dator, baina baita Pagatxaren esperientzia baloratzera ere”, Ariznabarretak azpimarratzen duenez. “Egin denari, egiten denari eta egingo denari dimentsioa eman behar diogu, egon daitezkeen ilusioei, ametsei, gogoei eta motibazioei lotuta. Horri guztiari bide eman behar diogu”.

 

Hasiera, maiatzaren 26an

Prozesuak urtebeteko iraupena izango du eta hilean behin bilduko dira saioak egiteko eta dinamika eta ariketen bitartez arlo ezberdinak lantzeko. Prozesuan egingo diren bilerak, Pagatxako kideei ezezik, herriko emakume guztientzat egongo dira zabalik. “Prozesu hau ekarpen bat da, ez bakarrik bertan parte hartzen duten emakumeentzat, baizik eta emakume guztientzat eta gizarte osoarentzat”, Ariznabarretaren ustez.

Lehen saioa hilaren 26an egingo da, 17:00etan, Portalean, eta parte hartzeko bilerara joan edo Pagatxarekin eta Lagun Artearekin harremanetan jartzea besterik ez dago.

 

JUEVES-OSTEGUNA | 17:00H Maiatzak 06 de Mayo Salón de Actos - A

GUATEMALAKO BEGIRADA

Angélica Mendoza Levy

Pagatxak eta Entreamigos – Lagun Artean elkarteek joan den asteko eguenean aurkeztu zuten ‘Pagatxa Mugimenduan’ proiektua Armeria Eskolan eta Angélica Mendoza Levy Sololako (Guatemala) Emakumeen Udal Zuzendaritza saileko zuzendariak bere esperientziaren berri eman zuen bideodei bitartez.

Hemen jaso ditugu bere berba batzuk:

“Lagun Arteani eskerrak eman nahi dizkiot, eurei esker hasi bainintzen lanean emakume elkarte batean. Ahalduntze politikoan eta ekonomikoan ardazten ginen, eta espazio hartan kemendu nintzen. Prozesu horri esker, negoen tokitik irten ahal izan nintzen”

“16 urte nituenean amarekin joaten nintzen tailerretara eta konturatu nintzen espazio horretan emakumeek euren sentsazioak eta sentimenduak partekatzen zituztela, batez ere familia mailan jasandako indarkeria, eta oso hunkituta sentitu nintzen. Konturatu nintzen emakumeek mota askotako indarkeriak jasaten ditugula eta zerbait egin behar nuela erabaki nuen”

“Ahalduntze-prozesuetan parte hartzen hasi nintzenean, mundua ezagutzen eta hainbat gauza zalantzan jartzen hasi nintzen: Emakumeok zergatik jasan behar dugu indarkeria? Zergatik ditugu hainbeste muga? Indarkeriak zapaldu egiten gaitu. Kontrolatzeko eta mugatzeko tresna bat da”

“Oso garrantzitsua da emakumeak formatzen hastea eta esparru ezberdinetan eragitea. Gure ezagutzak eta gaitasunak indartu behar ditugu, erabaki guneetan eragiteko eta emakume bezala onurak ekarriko dizkiguten proposamen errealak egiteko. Horretarako, gure komunitatea ondo ezagutu behar dugu, gure kideen beharrak zeintzuk diren jakin”

“Lurralde ezberdinetan gaude, baina zerbait dugu amankomunean: emakumeak gara eta elkarrekin jardun behar dugu borrokan. Gure helburua parte hartze aktiboa izatea da eta, horretarako, garrantzitsua da elkarri laguntzea. Banatzen bagara, irabazi egingo gaituzte”

“Adinak ez du garrantzirik, gugan konfiantza izatea eta gure gaitasunetan sinestea da berebizikoa. Jaiotzen garenean ez dugu ia ezer ezagutzen, bidean jabetzen gara kontu ezberdinetaz, egunero ikasten dugu. Gazteen indarra eta nagusien jakinduria uztartu behar ditugu”

“Bloke bezala jardun behar dugu. Bakarka bagoaz eta elkar laguntzen ez badiogu, erori egingo gara. Ardura-kargu bat duen emakume batek akatsen bat egiten badu, berehala gutxiesten zaio eta mesfidantza zabaltzen da. “Emakumea delako gertatzen da hori, ez dute ahalmenik”, diote. Paradigma batzuekin apurtzeko ordua da! Ikusten badugu lagun batek ezin diola aurre egin egoera bati, berehala lagundu behar diogu. Batek pauso bat ematen badu, guztiok eman behar dugu pausua”

“Bidean muga asko aurkitu ditugu: ordutegiak, segurtasuna, matxismoa, kontrola, indarkeria, emakumeen arteko lidertza jeloskortasuna… Gure arteko laguntza sustatzeko estrategiak sortu behar ditugu”