Pentsio duinen alde eta Toledoko Itunaren murrizketen kontrako manifestazioa egingo da bihar eguerdian

Pentsio duinen alde eta Toledoko Itunaren murrizketen kontrako manifestazioa egingo da bihar eguerdian
ETA KITTO 2021, Mai 28

Pentsio publiko duinak, bidezkoak eta nahikoak eskatzeko bihar mobilizazio bateratua egitea adostu dute pentsiodunen erakundeek estatu mailan, EAEko elkarteak barne, eta Eibarko pentsionisten taldeak antolatuta, bihar 12:00etan eskualde mailako manifestazioa irtengo da Untzagatik.

Bat Etorri/Consenso-tik horren harira egindako adierazpenen arabera, “pentsiodunen kolektiboa gogaituta eta nazkatuta dagoela erakusteko garaia da, pentsioen arloko gobernu-akordioak nabarmen bete ez direlako. Ezin dugu albo batera laga bizitzen ari garen egoera larria, batez ere Gipuzkoan, koronabirusari lotutako indizeak benetan kezkagarriak dira eta. Horregatik, mobilizazioak tokian-tokikoak izatea erabaki dugu, jendea batetik bestera mugitzen ibiltzea saihesteko”.

Nahiz eta ez duten parte hartu deialdi honetako aldarrikapen-puntuen zehaztapenean, “ez gaituztelako kontuan izan”, batasunaren aldeko duten izaerari jarraituz, herri bakoitzean egingo diren mobilizazioetan parte hartuko dutela gaineratu dute, “udazkenerako prestatzen ari den mobilizazio handiaren aurrerapena izango delakoan”.

Atzo, berriz, Gipuzkoako Pentsiodunen eskutik astelehenean Errenteria-Oreretatik abiatu zen bizikleta martxak zeharkatu zuen gure herria, Elgoibarrerako bidean, eta eibartarrek harrera beroa egin zioten Untzagan.

“Pentsio publiko duinak! Murrizketei ez!” goiburuari jarraituta, pentsio duinen alde eta Toledoko Itunaren murrizketen kontra antolatu duten martxarekin Gipuzkoa osoan zehar zabaldu nahi izan dituzte kolektiboaren aldarrikapen nagusiak, ibilbidea betetzeko egin dituzten sei etapatako bakoitzean egindako geldiuneak horretarako baliatuz.

Laburbilduta, honako hauek lirateke aldarrikapen eta eskaera nagusiak: 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen murrizketak indargabetzea, baita 2010eko eta 2012ko lan-erreformak ere; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata; pentsioen sistema publikoaren pribatizazioari uko egitea, baita iragarritako murrizketa berriei ere; pentsioen genero-arrakalarekin amaitzeko neurri eraginkorrak; ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza-pentsiorako; erretiro aurreratua, zigorrik gabe, 15 parlamentu autonomikotan, Kongresuan, Senatuan eta Udal ugaritan onartutako Legez Besteko Proposamenetan jasota dagoenaren arabera; eta osasuna eta arreta zein zaintza kalitatezko zerbitzu publikoen bidez bermatzea.

Pentsiodunen bizikleta martxa bihar amaituko da Donostian, Alderdi Ederren, arratsaldeko 16:30ak aldera. Jarraian, 17:00etan bertatik abiatuko da Gipuzkoa mailan pentsiodunen elkarteetatik deitu duten manifestazioa

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »