Pentsioen lege-proiektuaren lehen fasearen kontrako manifestazioa egingo da zapatuan

Pentsioen lege-proiektuaren lehen fasearen kontrako manifestazioa egingo da zapatuan
ETA KITTO 2021, Aza 09

Debabarreneko pentsionisten taldeak eskualde mailako manifestazioa deitu du zapaturako, azaroaren 13rako, 12:00etan Untzagan, amaitzear dagoen pentsioen lege-proiektuaren lehen fasearen kontra protesta egiteko. Azpimarratu dutenez, “kalera irtengo gara gure eskubideak defendatzera, baina bakarrik ez egotea espero dugu. Manifestaziorako deia Debabarreneko biztanle guztientzat da, gaur egun lanean ari diren beharginak ere kalera irten behar dira, etorkizunean gutxieneko bizitza-kalitatea izateko pentsioa bermatzeko. Eta gazteei eragingo dieten beste proposamen batzuk ere badaude, tartean jubilatzeko adina atzeratzea”

Salatzen dutenez, “Gobernuak Europako Erkidegoan aurkeztutako lege-proiektuak helburu bakarra dauka: 2011. eta 2013. urteetako pentsio-erreformen, murrizketei eustea. Pentsioen sistema publikoa bizirauteko laguntza-sistema bihurtu nahi da, pentsio-plan pribatuak sustatzeko. Ia lau urteko mobilizazioak eta gero, datorren hilaren13an konpromiso berri hau dugu geure buruarekin, estatuko gainerako herriekin bat datorren mobilizazioan. Egia eta bidezkoa da aitortzea denbora honetan pentsiodunen mobilizazioari esker hobekuntzak lortu ditugula, gobernuaren eztabaidaren erdigunean lan harremanen legea indargabetzeko gai izan garela, baita %52ko alargun-pentsioa %60ko kotizazio-pentsioari jarraitzea ere. Baina badakigu konkista horiek borondate politikoen mende daudela, eta mobilizazioak lagatzen baditugu ziur gaude lehengora itzultzeko tentazioa presente egongo dela”.

Horrekin batera, kolektiboaren eskari premiazkoenak oraindik ez dituztela kontuan hartzen gaineratu dute: “1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen jarraitzen dugu; genero arrakala, bai soldadetan, bai pentsio bat jasotzeko unean, bidegabekeria da, eta emakumeei aplikatzen zaie; eta, era berean, garrantzitsutzat jotzen dugu 40 urteko kotizazioa izan arren nahi ez diren erretiroei ezartzen zaizkien zehapenak desagertzea”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »