Pertsona Nagusien Partaidetzarako Mahaiaren sorrera sustatu du Udalak

Pertsona Nagusien Partaidetzarako Mahaiaren sorrera sustatu du Udalak
2023/05/16 eta kitto!
Udalak Pertsona Nagusien Partaidetzarako Mahaia abian jartzeko ekimena sustatu du, kolektibo horren parte-hartzea bultzatzeko eta haientzako gizarte-politikan elkarrekin jarduteko partaidetza-sistema sortzeko eta finkatzeko helburuarekin.

Mahaiak izan beharko duen osaera zehazteko eta haren funtzionamendua berariaz zehazteko, Udalak Araudi bat egin du, eta jendaurrean jarri ondoren, Osoko Bilkurak behin betiko onartzeko azken fasean da.

Dokumentuaren arabera, Pertsona Nagusien Partaidetzarako Mahaia Udal Administrazioaren aholkularitza- eta kontsulta-tresna ez-loteslea da, adinekoen politika sektorialak herri mailan gauzatzeko. Gainera, Mahaiak kolektibo horrek herriaren dinamikan izango duen sustapena, garapena eta parte-hartzea ahalbidetuko duten baldintzak zainduko ditu.

Mahaiaren eginkizun nagusiak honako hauek izango dira: adinekoen arloari eragiten dioten udal-proposamenen berri ematea, planak egitea bultzatzea, eta toki-administrazioa orientatzea jarduera-ildoak zehazterakoan eta kolektibo horrentzako aurrekontu-lehentasunak zehazterakoan.