Poliziaren presentzia indartuko da, lapurretak murrizteko asmoz

Poliziaren presentzia indartuko da, lapurretak murrizteko asmoz
2023/03/29 11:22
eta kitto!
Jon Iraola alkateak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egindako Planaren berri eman du gaur goizean, Javier Ziaran udaltzainburuarekin batera emandako prentsaurrekoan. Orain dela egun batzuk Eibarko Ertzaintzaren buruzagitzak alkateari bidali zion plan horretan, azken aldian gure herrian gertatu diren lapurretak eta lapurreta-saiakerak murrizteko neurriak jasotzen dira, besteak beste.
Gogora ekarri dutenez, martxoaren hasieran alkateak  Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuari idatzi zion, Eibarren segurtasuna indartzeko neurriak har zitzatela eskatzen, “herriko hainbat merkataritza- eta ostalaritza-establezimendutan gertatzen ari ziren lapurreten aurrean, eta dispositibo eta baliabide gehiago jar zitezela delituzko ekintza horiek murrizteko”.
Erkorekari idatzitako gutunean hauxe zioen alkateak: “Halakoak egunero gertatu ez arren, azken asteetan gero eta ohikoagoak bihurtu dira, eta, horren ondorioz, segurtasun ezaren eta haserrearen sentsazioa areagotu egin dira herritarren artean, oro har, eta, bereziki, sektore kaltetuenetan, ostalaritzan eta merkataritzan, hain zuzen”.
Egoera hori ikusita, alkateak ertzain-kopurua handitzeko eskatzen zion gutunean, eibartar guztien segurtasuna bermatzeko Udaltzaingoak eman dezakeen laguntza guztia izango zutela gaineratuta.
Eskaerari erantzunez, Segurtasun Sailak, udalerrietako Segurtasun Publikoaren arloko arduradunak, ekintza-plan espezifikoa prestatu du, espazio itxietan lapurretak murrizteko helburuarekin. Ertzaintzak plana garatzen diharduela azaldu dute, beti ere Udaltzaingoarekin koordinatuta: “Planak proposamen batzuk jasotzen ditu Eibarko kaleetan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia areagotzeko egun eta ordutegi jakinetan, bai eta beste neurri batzuk ere, dokumentuaren izaera eta lortu nahi diren helburuak direla-eta konfidentzialtasun-arrazoiengatik publiko egin ez direnak”.
Jon Iraola alkatea pozik agertu da, “bere garaian Segurtasun Sailari helarazi nion kezka ulertu egin delako eta, horren ondorioz, Plan hau egin delako. Orain, espero dut hartuko diren neurriek eta Eibarko segurtasun-errefortzuak lapurretak eta lapurreta-saiakerak gutxitzea ekarriko dutela”. Edozein modutan ere, eta aurreko urteetako datuekin alderatuz gero, horrelako lapurretak ez dira areagotu. Zehazki, urtea hasi denetik otsailaren 28ra bitartean, 13 lapurreta gertatu dira, baina nahiko jarraian eta herriaren erdialdean izateak herritarren pertzepzioan eragina izan dezakeela uste dute.
Honen harira, bihar bertan Eskualdeko Segurtasun Batzordea bilduko da Eibarren.  Batzarra urtero antolatzen du Ertzaintzak eta bertan parte hartzen dute Debabarreneko udaletako ordezkari politikoek eta udaltzainek. Batzar horretan, Ertzaintzaren agenteek 2022an eskualdeko herrietan izan diren delituen berri emango dute.