[ERREPORTAJEA] Prostituzioa ezbaian

[ERREPORTAJEA] Prostituzioa ezbaian
2019/10/04 eta kitto!
Prostituzioa eta sexu-lana auzian jarriko dituzte Andretxeak hilabete honetarako antolatu dituen hitzaldiek. Prostituzioaren edo sexu-lanaren erregulazioa, amaitzea, gizonezkoek esku-hartzea, pornografia... Portaleko areto nagusian azalduko dira gai hauen inguruan asko esateko duten hiru pertsonen eskutik eta eztabaida honetan dauden iritzi kontrajarriak erakutsiz.

 

Conxa Borrell Bernaus OTRAS sindikatuko idazkari orokorrak eskainiko du lehen hitzaldia urriaren 15ean, martitzenean, 18:00etan. Escort gisara egiten du lan Borrellek eta ‘Sexu-lana: lan-eskubideak, sindikatzea edo esplotazioa’ izenburua duen hitzaldia eskainiko du. “Prostitutak, masajista erotikoak, pornografian lan egiten dutenak, telefono bidezko sexua eskaintzen dutenak, poll dance dantzariak... lanbide guzti horiek sartzen dira sexu-lanaren barruan eta inoiz ez da egiten berba eurei buruz”, dio Borrellek telefonoaren beste aldetik. Hain zuzen ere jarduera hauek egiten dituzten pertsonen lan-baldintza eta eskubideei buruz egingo du berba Portalean.

OTRAS sindikatua 2018an jaio zen, baina Magdalena Valerio ministroak “gol bat” sartu zietela onartu ondoren gaia auzitegietara eraman eta Auzitegi Nazionalak sindikatuaren estatutuak baliogabetu zituen, “Espainian prostituzioa ez delako legezkoa”. OTRAS-ek helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean eta erantzunaren zain daude oraindik. “Erabakia bata edo bestea izan, mugimendu hau ez da geldituko”.

Borrellentzat oso garrantzitsua da sektore honetan sindikatzeko aukera egotea. “Ez dago sexu-langileen eskubideak bermatzen dituen legerik. ANELA elkarteak (harremanetarako lokaletako enpresarien elkarteak) indar asko du eta Auzitegi Gorenak abala eman dio, baina guri ez digute sindikatzen uzten. Eta gero abolizionistei entzun behar diegu gu garela lobby proxeneta. Hau da marka, gosez hiltzen gaude ba!”. OTRAS-en eskaera sinplea da: “beste edozein langilek dituen eskubide berdinak eduki nahi ditugu”.

OTRAS-ek “sexu-lanaren” erregulazioaren alde egiten du. “Gaixorik jartzen bagara, ezin dugu ezer egin; poll dance egiten erori eta min hartzen badugu, hiru astetan geldirik egno behar zara eta ezin duzu dirurik irabazi. Beraz, nola ordaintzen duzu etxearen alokairua? Umeak badituzu, nola zainduko dituzu? Lotsagarria da sexu-langileek Gizarte Segurantzarik ez edukitzea eta patronalari egiten zaion defentsa, ez dutelako zergarik edo Gizarte Segurantzarik ordaintzen. Autonomo izateko esaten digute, baina autonomo faltsuak izango ginateke eta ez da legezkoa”.

Abolizionistekin duten eztabaida beroa da eta Borrellek berba gogorrak ditu eurentzat. “Eibarren abolizionistekin mahai-ingurua egin nahi genuen, baina eurek ez. Beldurra dute”, dio haserre. “Gure kontura bizi dira, gutaz berbetan eta hitzaldi bakoitzean 300-400 euro irabaziz. Eurak bai direla proxenetak. Abolizionismoa klasismo eta arrazismo hutsa da”.

 

Gizonezkoak prostituzioaren oinarrian

Peter Szil (www.szil.info) psikoterapeuta eta aktibistak eskainiko du bigarren hitzaldia hilaren 22an, martitzenean, 18:00etan. ‘Gizonezkoak, pornografia eta prostituzioa’ izenburuak “ederki azaltzen duen bezala”, gizonezkoek prostituzioan, emakumezkoen salerosketan eta pornografian duten egitekoari eta fenomeno hauek zeharkatzen dituen hariari buruz egingo du berba Szilek. “Gizonezkoen eskaera dago fenomeno hauen oinarrian”.

Prostituzioaren eta pornografiaren lotura erabatekoa da Szilen iritziz. “Pornografia berba, adibidez, ‘porne’ (Antzinako Greziako prostituten hiru klaseetatik baxuena) eta ‘grafia’ (irudikatzea) berba grekoen batura da”. Bere ustez pornografia prostituzioaren funtzio bera du: gizonezkoen nahiak asetzea. “Pornografian irudikatzen den pertsona erosi daitekeen produktu bat da. Gainera, bera ez da protagonista, irudi horiekin masturbatzen den pertsona baizik”.

Pornografiak igortzen duen sexualitatearen kontzeptura ohitzen diren pertsonei, “euren sexu-gosea asetzeko objektuak edukitzera ohitzen direnei”, zailagoa egingo zaie sexualitate propioa duten emakumeekin berdinetik berdinera harremana edukitzea. “Beraz, hor irekitzen da prostituzioaren atea, hau da, pornografiaren luzapena. Prostituzioan pornografiaren fantasiak gauzatzen direlako”.

Teknologia berriek pornografiaren ekoizpen eta kontsumoa aldatu dute. “Internetekin pornografia produktu masiboagoa bihurtu da eta eragina izan du gazteen sexualitatean”. Aldaketa kuantitatiboaz gain, kualitatiboa ere eman da. “Pertsona oso gazteei osasun arazoak sortu zaizkie pornografiaren erabilera masiboarengatik, disfuntzio zutikorra adibidez. Gainera, zorigaiztoko kontzeptuekin prestatzen dira sexualki”. Azken aldian, bestetik, pornografia gero eta biolentoagoa dela nabaritu du Szilek. “Produktu masiboa denez lantzean behin berritu egin behar da eskaera eta interesa mantentzeko”. Gero, pornografiako eredu horiek sexu-ohituretan islatzen dira bere ustez.

Prostituzioari dagokionez, abolizionismoaren aldekoa da Szil. “Zentzugabea da emakumeek euren gorputza saltzeko duten eskubideaz berba egitea. Prostituzioa erregulatzen badugu, biolentzia-mota bat legitimatuko dugu”. Szilen iritziz eztabaida honetan ez da pertsonek prostituitzeko duten eskubidea ezbaian jartzen, “gizonezkoek beste pertsona batzuen gorputza erosteko duten eskubideaz eta proxenetek horrekin negozioa egiteko duten eskubideaz baizik”. Berarentzat milioika pertsonen sufrimendua legalizatzea jartzen da auzian. “Prostituten %10 nahi duelako egiten du jarduera hori, baina mundu mailan milioika emakume biolentzia egoera latzetan behartuta prostituitzen dira, tartean ume asko”.

 

Abolizionismoaren alde Euskal Herrian

Amelia Tiganus aktibista feministak eta emakumeen salerosketako biktima ohiak emango du azken hitzaldia hilaren 23an, eguaztenean, 18:00etan. ‘Emakumeak eta umeak: prostituziorako salgaiak. Nola fabrikatzen da puta bat?’ izenburua du bere solasaldiak eta hainbat urteetan bizitzako esperientziaren berri emango du. Tiganus 13 urterekin bortxatua izan zen eta bere herrialdeak baztertu egin zuen. Irtenbide bezala prostituzioan lan egiteko eskaintza egin zioten, urte bitan bizitza konponduta izango zuela esan ziotelarik. Baina ez zen horrela izan. “Baietza eman nuenez, ez nuen nire burua salerosketaren biktimatzat jo”. Proxenetak 300 eurogatik erosi zuen eta 40 prostituzio-etxeetan esplotatu zuten ondoren.

Bost urtetan zehar “prostituta zoriontsuaren papera egiten” ibili ondoren, Tiganusek ezin zuen gehiago aguantatu eta utzi egin zuen. “Ateak zabalik dauden arren, emakumeontzat alde handia dago bi munduen artean”. Hamabi urte pasa dira utzi zuenetik eta feminismoa ezagutzeak aktibismoaren eragile bihurtu zuen. “Konturatu nintzen nire istorioa ez zela soilik nirea, prostituzioan egunero erortzen diren emakumeen eta neska askoren istorioa baizik”.

Tiganusek hainbat elkarterekin egin du beharra eta aste honetan aurkeztu duten Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistaren (EHMA) kide ere bada. Elkartearen iritziz prostituzioa sexualitate maskulinoaren eredu bortitz eta misoginoa da, eta pornografia eta alokairuko sabela emakumeen gorputzak esplotatzeko moduak dira. Prostituzioarekin amaitzea da plataformaren helburu nagusia eta, horretarako, gizartearen sentsibilizazioa lortzea da taldearen lehen xedea.

Prostituzioaren indargabetzea lortzeko gizarte-politika integralak exijitu behar direla uste du Tiganusek. “Ez soilik laguntza ekonomikoarekin, baita formazioarekin, terapiarekin eta laguntza-juridikoarekin ere”. Bestetik, proxenetismo modu guztiak debekatu behar direla uste du eta prostituzioaren promozioa kentzea.

Prostituzioa erregulatzeari dagokionez dio Herbehereetan eta Alemanian, adibidez, horrelako esperimentuak egin direla eta desastre hutsak izateaz gain, proxenetei egin diela mesede. “Eztabaida zintzo bat nahi dugu, eta feministok ados gauden puntuak ikusarazi”.