Saenz de Viteri medikuen hiru belaunaldien ibilbidea jasoko duen liburua argitaratuko dute aurten

Saenz de Viteri medikuen hiru belaunaldien ibilbidea jasoko duen liburua argitaratuko dute aurten
2022/05/16 10:39
eta kitto!
Ego Ibarra Batzordeak Antxon Narbaiza filologoaren proposamena onartu eta Saenz de Viteri medikuen hiru belaunaldien ibilbidea jasoko duen liburua argitaratuko du aurten. “Ez dugu beraiengan ikerketa berezirik aurkituko; ez. Baina egunerokotasun gordinenean frogatzen dela uste dugu, batez ere lanbide honetan, gizaseme batek lanari dion txera. Eta horrelakotik asko erakutsi dute Viteritarrek ehun urteko ibilbidean”, dio liburuaren egileak Ego Ibarrak jaso duenez.

Isaac Saenz de Viteri Cortazar izan zen mediku-familia honen hasierako enborra. Eskoriatzan jaioa, apirilaren 20an izendatu zuten Eibarko mediku titular. Julio Sarasuak, Eibar aldizkarian argitaratutako artikulu batean zioen On Isaac benetako instituzioa zela gure herrian, erreferentzia bat, eta eskoriatzarrak Eibarren egindako lehen urratsak zekartzan gogora, herria kale estuko, etxe iluneko eta jende gutxiko herria zenean.

Isaac Saenz de Viteri 1973an zendu zen, 85 urte zituela, medikuntzan 52 urtez jardun ondoren, horietako 42 Eibarren, eta bere semeak aitaren ofizioari jarraitu zion. Orduko kroniken arabera, ez zuen neurririk dedikazioari dagokionez. Marka guztiak hautsi zituen etxeko bisitetan.

Javier Saenz de Viteri 1976an hil zen 51 urterekin eta Alberto semeak 1979an ekin zion mediku-lanari, Deban. 1979ko abenduan Eibarrera etorri zen Alfako mediku gisa lan egitera, eta enpresa hura utzi ondoren, Orbean eta Grupo Danobat enpresetan ibili zen. Lan horrekin batera, kontsulta pribatuan jardun du lanean, duela gutxi erretiroa hartu duen arte.

saenz de viteri handia