Saioa Nuñez Guinea (AI LAKET!! ELKARTEA): “Drogekin bizitzen jakin behar dugu”

Saioa Nuñez Guinea (AI LAKET!! ELKARTEA): “Drogekin bizitzen jakin behar dugu”
ETA KITTO 2019, Eka 14

Ai Laket!! droga erabiltzaileen eta erabiltzaile ohien elkartea da. 2002an sortutakoa, euren helburua drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak murriztea da. Horretarako gazteentzako proiektu desberdinak garatzen dituzte. Drogak kontsumitu ala ez norberaren erabakia dela uste dute, eta euren helburua ez da erabaki horretan eragitea, informazio zehatza, praktikoa eta sinesgarria ematea baizik. Bihar, zapatua, Txaltxa Zelaian egongo dira, 17:00etatik aurrera, 10-16 urte bitarteko gaztetxoentzat prestatu duten GAZTETOPALAKET proiektuarekin. Eta ekainaren 22an, San Juan jaien atarian, berriro izango ditugu Eibarren, BOTILTZAR eta TESTING programekin. Ai Laket!!-eko Saioa Nuñez Guinearekin proiektu horien gainean egin dugu berba.

– Askotan etorri zarete Eibarrera San Juan jaien inguruan.
Bai, urteak daramatzagu Eibarko jaietan parte hartzen. TESTING zerbitzua gauerdian hasten dugu eta 03:00ak arte egoten gara. Droga guztien inguruko informazioa eskaintzen dugu, arrisku murrizketarako materialak banatzen ditugu eta drogen analisia egiteko aukera egoten da. Horrek garrantzi handia dauka arriskuen murrizketaren aldetik. Substantzia asko, gehienbat ilegalak direnak, merkatu beltzetik etortzen dira eta ez daukate inolako kontrolik. Beraz, beharrezkoa da jakitea zer diren eta zerekin nahastauta dauden, kontsumitzen badira arriskuak zeintzuk diren ezagutu ahal izateko. Aztertzen ez bada, ez dakizu zer daukazun esku artean eta zer ari zaren hartzen.

click here – Debekuaren aldetik baino gehiago informazioaren aldetik egiten duzue lan.
Gogoratu behar da orain arteko prebentzio politikek ez dutela helburua lortu. Kontsumoa ez da jaitsi. Drogen kontsumoa beti egon da gure kulturan, eta egoten jarrituko du. Eta Ai Laket!!-etik errealitate horri aurre egin behar diogu. Nahiz eta kontsumitu, orokorrean, pertsona guztiok nahi dugu gure osasuna zaindu eta ahalik eta arrisku gutxien hartzea, eta gure lana horretara bideratzen da batez ere. Drogak kontsumitzea ala ez norberaren erabakia dela uste dugu, eta  gure asmoa ez da erabaki horretan eragitea, informazio zehatza, praktikoa eta sinesgarria ematea baizik.

– Zer esan nahi dugu “kontsumo arduratsuaz” ari garenean?
Drogrei buruz hitz egiten dugunean guk beti gozamena eta arriskuei buruz hitz egiten dugu. Zergatik kontsumitzen dugu? Gozamen batzuk aurkitzen ditugulako. Eta horietan arriskuak agertu daitezke, nola eta zenbat kontsumitzen dugunaren arabera, pertsonaren ezaugarrien arabera, testuinguruaren arabera… Baina hori bizitzako hainbat gauzekin gertatzen zaigu. Badakigu hainbat elikagai gure osasunarentzako kaltegarriak direla, baina kontsumitzen jarraitzen dugu. Drogekin bizitzen jakin behar dugulako elkartetik substantzien kontsumo arduratsua bultzatzen dugu.

– Zer egingo duzue bihar Txaltxa Zelaian jarriko duzuen “Gaztetopalaket” delakoan (10-16 urte)?
Gure proiektu berrienetakoa da, Testing-aren antzerakoa, hau da, jaietara joaten gara (karpa eta materialekin), baina dinamika desberdina du. Elkarrekintza eragiten dugu: elkarrizketak, jolasak, eztabaidak… Gazteak eremu horretan elkar topatzea da helburua, eta hortik datorkio izena. Alkohola, kafeina eta tabakoa bezalako droga legalen inguruko sentsibilizazioa egiten dugu. Gazteak hurbiltzeko arte adierazpena, jokoa, ginkana… erabiltzen dugu, eta, esate baterako, alkoholaren efektua simulatzen duten betaurreko batzuk erabiltzen ditugu. Harritu egiten dira alkoholaren efektuak nolakoak diren ikustean. Kafeina ere droga bat dela argitzen diegu eta tabakoaren kontua lantzeko botila erretzailearen esperimentua egiten dugu. Lehen esan dugun moduan, inposaketak ez du balio, eta askotan behar duguna ikustea, probatzea, esperimentatzea da. Ekainaren 22an, iluntzean, BOTILTZARRA egingo dugu. Hau alkoholaren kontsumoarekin lortuta dago, eta asmoa da kalean alkohola edaten ari diren gazteekin kontsumo horren arriskuen gainean hausnarketa egitea (ondo elikatzearen eta ura edatearen garrantzia…). Baliabide horiek ez badauzkate, guk ematen dizkiegu (ura, palmeritak, fruitu lehorrak…)

 

Alkoholaren gunea-jinkana

gaztetopa gonbidapenak

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »