San Andres eliza mezarik eta kanpai-hotsik gabe

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
San Andres eliza mezarik eta kanpai-hotsik gabe
ETA KITTO 2020, Mar 26

San Andres elizako kanpaiak geldirik daude orain dela pare bat astetik hona. Ez da koronabirusaren eragina, kanpandorreraino doazen eskailerak konpontzeko lanen ondorioa baizik. “Obran lan egiten duten langileek euren tresnak entxufatu behar dituzte eta, egunero elektrizistari deitzen ibili beharrean, kanpaiak deskonektatzea erabaki dugu. Bestela, txinpartak aterako direlako”, esan digu Xabi Zubizarreta San Andres elizako parrokoak. Obrek pare bat hilabeteko iraupena izango dute eta bitartean ez da kanpai-hotsik entzungo. “Eskailerak oso egoera kaskarrean zeuden, Deporreko eskalatzaileak ere ez ziren ausartzen handik igotzera. Gero, edonor joan ahal izango da gora lasai”, dio apaizak.

irazabal

Koronabirusari aurre egiteko ezarri den alarma egoerarekin bat egin dute denboran San Andres elizako obrek, baina hori ez da nobedade bakarra parrokian. Izan ere, alarma egoerak irauten duen bitartean ezin da mezarik eta hileta elizkizunik egin. “Dena dela, gaur egun aukera asko dugu errezatzeko. Goizeko 07:00etan Aita Santuaren meza ematen dute telebistan, 08:00etan beste bat, eguerdian ere, Arrate Irratiak egunero ematen du meza eta errosarioa, domeketan 07:30etan Radio Euskadik meza ematen du, ETB1ek 10:00etan… Bestetik, norberak ere jakin behar du errezatzen, ez dugu kanpai-hotsik behar horretarako”.

Zubizarretaren ustez, gainera, sasoi honetan are garrantzitsuagoa da errezatzea. “Gehien sufritzen dutenak gogoratu behar ditugu”. Parrokoa astean birritan joan ohi da zaharren egoitzara, baina orain ezin da joan. “Badakit egoiliar askorentzat horrek zer suposatzen duen, gogorra dela ezin bisitarik jasotzea”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »