(Erreportajea) ...eta kitto! Euskara Elkartea: Sasoi berrietan, bide berriak

(Erreportajea) ...eta kitto! Euskara Elkartea: Sasoi berrietan, bide berriak
2020/05/15 eta kitto!
Horixe egin behar izan du …eta kitto! Euskara Elkarteak azkeneko asteotan, egoera berrira egokitu eta bide berriak bilatu; lehen eskaintzen zituenak eskaintzen jarraitu du, baina egoerak berak jartzen dizkigun mugak aintzat harturik, jakina.  Hori da berbalagunen kasua, esaterako.

Honezkero bi hilabete pasatu dira gure bizimodua goitik behera aldatu zenetik. Egun batetik bestera, aurreikusita geneukan guztia, gure programa guztiak burutzeko beste modu bat aurkitu behar izan genuen. Atzera begira, bi hilabete hauek gogorrak izan direla ezin dugu ukatu, zenbait momentutan etsituta sentitu garela ere bai, eta noraezean galtzeko beldurra sentitu dugula, baina, era berean, oso hilabete aberasgarriak izan dira, asko ikasi dugu eta, urruntasunetik izan bada ere, herritarren gertutasuna sentitu dugu. “Lapurtu” diguten bizimodua berreskuratzeko irrikitan gaude, baina, bien bitartean, ez dugu haria eten. Gure jarduna beste modu batean egin dugu eta euskarak bete ditu telefonoz, bideo-deiez, e-mailez, sare sozialen bidez… eman ditugun ehundaka orduak.

 

Berbetan
Berbetan mintzapraktikako programaren oinarria da aurrez aurre elkartzea. Euskera praktikatzeko beharra dutenak edo euskeraz berba egiteko ohiturarik ez dutenak euskeraz ondo hitz egiten dutenekin elkartu ohi dira astean behin, normalean taberna batean, giro informal eta atseginean.

Aurrez aurre elkartu ezin zirela ikusita, …eta kitto! Euskara Elkarteak online elkartzeko aukera eskaini zien hasiera-hasieratik taldeei, eta erantzuna ezin hobea izan da. bederatzi  taldek egin dute bat proposamen berriarekin eta astero elkartzen dira eskura ditugun eta hain modan jarri diren aplikazio informatikoei esker. Konfinamenduaren aurretik elkartu ohi ziren asteko egunari eta ordutegiari eutsi diete, eta astero elkartzen dira ordubetez.

Baina Berbetan programan izena emanda dutenei ez ezik, herritar orori ere eman dio elkarteak mintzapraktika online egiteko aukera. 3-4 lagun berrik eman dute izena, eta eman daiteke oraindik ere, mezu bat idatzita hona: elkartea@etakitto.eus. Euskera praktikatzeko programan parte hartzea doakoa da.

 

Lehiaketan lehia bizia
Ikasturtea berbalagunei eskainitako joko edo lehiaketa berri batekin hasi zuen …eta kitto!-k. Hainbat urtez “Tribial lehiaketa” antolatu izan du berbalagun-taldeen artean eta gogotsu parte hartu izan dute beti. Ikasturte amaieran, puntu gehien lortzen zuen taldeari sari bat ematen zitzaion, berbalagun guztiak elkartzen zituen ikasturte amaierako ekitaldian.

Baina zerbait desberdina eskaintzeko gogoz zebilen aspaldian elkartea, eta tribiala beharrean bestelako joko bat eskaintzen ari zaie irailaz geroztik. Eibarko auzo, kale edo pertsonaien argazkiak desitxuratuta jasotzen dituzte telefonoz eta zeintzuk diren asmatu behar izaten dituzte. Lehia bizia izaten da berbalagunen artean.

indalezio

Guraso berbalagunak ere online
Gurasoak Berbetan egitasmoko kideek ere etxetik dihardute …eta kitto! Euskara Elkarteak eskaintzen dizkien jardueretan parte hartzen. Lehenengo astean etxean egiten zihardutena kontatzea eta erakustea eskatu genien, eta era guztietako bideoak bidali zizkiguten: sukaldean errezetak egiten, etxeko pasilloan jolasten, komuneko paperarekin gimnasia egiten, familien arteko pintxo-lehiaketak…

gurasoak

 

Bingoa astean behin
Ez da gauza erraza inorentzat etxean horrenbeste denbora egotea, irten ezinda, eta are gehiago etxeko txikientzat. Orduak luze ez joateko entretenitu egin behar dira, eta ideiak ere askotan agortu egiten zaizkigu. Egoera ikusita, familiei egiten zihardutena erakusteko eskatzeaz gain, …eta kitto!-k etxean ahalik eta gutxien aspertzeko hainbat jarduera proposatzen dihardu, horien artean Bingoa. Astean behin jokatzen dute guraso berbalagunek eta euren familiek eta arrakasta izaten ari da. Aste honetan egin dute laugarren partida. Saririk ere ez da falta, lerroa osatzen dutenentzat eta, jakina, Bingo egiten dutenentzat: liburuak, ipuinak, …eta kitto!-ren kamisetak… Egoerak hobera egiten duenean pasatuko dira irabazleak …eta kitto!-ren egoitzatik euren sariak jasotzera.

Bingoa 2

 

Illunabarrian ikastaro birtualak
Illunabarrian egitasmoak ere aldaketak izan ditu antolaketan. …eta kitto! Euskara Elkartearen egoitzan antolatu ohi dira ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak…, baina egoerak orain ez du horretarako aukerarik lagatzen.  Hor ere elkarteak ez du jarduna eten nahi izan, eta aste honetan bertan antolatu du lehenengo ikastaro birtuala: “Elikadura planifikatu konfinamendu ostean”. Mireia Alberdi ezaguna dugu, hainbat alditan izan baita elkartean janari osasungarrien inguruan berba egiten, eta joan den martitzenean dozena bat lagun elkartu zituen online. Nutrizionistak hainbat gomendio eman zizkien konfinamendutik irteten ari garen honetan elikadura planifikatzeko, eta udara begira, “miraririk” ez baina zenbait ohitura aldatzeko hainbat proposamen ere eman zituen adituak.

 

Ipurterre Ipuin Lehiaketa
2020ko Ipurterre Ipuin eta Gutun Lehiaketa urtea bezain berezia izan da. Urtarriletik aurrera Eibarko LH eta DBHko ikasleek ipuinak eta gutunak idazten hasi ziren, eta martxoaren 4an, epea amaitu zenean, ...eta kitto!-ra ekarri zituzten, ohikoa den bezala, gero epaimahaikideen artean banatzeko. Baina banaketa-prozesu horren baitan harrapatu gintuen alarma-egoerak eta ebazpena inoiz baino korapilatsuagoa izan da. Epaimahaikideek ipuinak etxean zituzten eta biltzeko aukerarik ez zegoen; beraz, teknologia berriak erabiliz egin behar izan dugu aurtengo ebazpena.

ipurterre montajea copia

Antolatzaileek adierazi dutenez, ikasleek sekulako lana egin dute, mila lan inguru jaso dituzte aurten ere, eta nola lagako zituzten, bada, saririk gabe? Irabazleek sari sorta ederrak jasoko dituzte (eskola-materiala, liburuak, liburu elektronikoak…). Jarrai dezatela orain bezain ondo eta gogotsu euskaraz irakurtzen eta idazten!
Aurtengo irabazleak ondorengoak izan dira:           LH 1-2 mailetako irabazlea La Salle Ikastetxeko Eneko Crespo izan da; LH 3-4 mailetakoa, ikastetxe bereko Eider Oyarzabal; eta J.A. Mogel Ikastolako Nahia Jauregi LH 5-6 mailetakoa. DBHko irabazleak Eibar BHIko ikasleak izan dira, 1-2 mailetakoa Enara Gabiola eta 3-4 mailetakoa Maider Errasti.

Sari-banaketa ere oso desberdina izango da aurtengoa; izan ere, Unibertsitate Laboraleko antzokian egitea zegoen aurreikusita, urtero egiten den bezala, baina egoera ikusita ezinezkoa zenez, sari-banaketa ekitaldi birtuala egin dute. Tor magoak agindu zuen Eibarrera etorriko zela eta, fisikoki ez bada izango ere, bertan egongo da, eta aho zabalik utziko digu bere trikimailuekin.

Hemen daukazue ikusgai ...eta kitto! Euskara Elkartearen Ipurterre Ipuin eta Gutun Lehiaketako sari-banaketa ekitaldia.

https://www.youtube.com/watch?v=RiekPRPXlOQ&feature=emb_logo