Sergi Enrich eta Antonio Luna foballariei bi urteko espetxe zigorra ezarri diete

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Sergi Enrich eta Antonio Luna foballariei bi urteko espetxe zigorra ezarri diete
ETA KITTO 2021, Urt 19

Donostiako Hirugarren Zigor Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra ezarri die Sergi Enrich eta Antonio Luna foballariei, emakume batekin izandako sexu harremana grabatzeagatik eta zabaltzeagatik, biktimaren baimenik gabe. Foballari biek Eibar FT taldean jokatzen zuten sasoi hartan, eta Enrichek jokalariak hemen jarraitzen du oraindik (Luna Gironan dabil). Bestetik, sasoi hartan Eibarren jokatzen zuen Eddy Silvestreri bideoa zabaldu izana egotzi zioten, baina errugabetzat jo du epaileak, salaketak funtsik ez zuela argudiatuta.

Fiskalak eta biktimaren abokatuak bost urteko zigorra eskatu zuten Enrich eta Lunarentzat, baina “kaltea konpontzeko” egindako ahalegina kontuan hartu du epaileak. Izan ere, biktimari 110.000 euroko kalte-ordaina eman zioten, akusazio partikularrak eskatzen zuena baino gehiago, eta urrian egin zen epaiketan akusatuek damua agertu zuten.

Fiskalaren txostenean agertzen denaren arabera, 2016. urteko apirilean jokalari biek eta biktimak sexu harremanak eduki zituzten, hiruren onespenarekin, Lunaren Eibarko etxean. Luna Enrichen telefono mugikorrarekin irudiak hartzen hasi zen, eta biktimak ez grabatzeko eskatu zien, jokalariek aitortu zutenez. Emakumeak bideoa ezabatzeko esan zien gero, baina hori ere ez zuten egin, gezurra esanez. Ondoren, bideoa Silvestreri bidali zioten, “konfiantza” zutelako, baina grabazioa taldeko jokalarien artean zabaldu zen, eta bolo-bolo ibili zen 2016ko urrian sare sozialetan. Orduan jarri zuen salaketa biktimak.

Biktimak tratamendu psikiatrikoa jaso behar izan zuen eta Mariasun Landa psikiatrak epaiketan esan zuenez, “bere buruaz beste egiteko osagai guztiak zituen”.

 

Argazkia: Eibar FT

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »