“Tatuaje solidarioak”, gorputzak dekoratzea baino askoz gehiago

“Tatuaje solidarioak”, gorputzak dekoratzea baino askoz gehiago
2019/04/25 eta kitto!
Tatuajeen munduan bilakaera handia egon da. Gaizki ikustetik, ondo ikustera pasatu dira. Orain  esan daiteke orokorrean ez direla ezkutatzen, kontrakoa, erakutsi nahi dira eta gero eta jende gehiago animatzen da bere azala “markatzera”.  Larunbat honetan, apirilak 27, “Los tatuajes marcan la diferencia” ekitaldia egongo da Astelena frontoian. Aurtengoa hirugarren edizioa da.15 tatuadore egongo dira aurretik prestatutako 200 diseinu ingururekin. Interesatuek diseinu horien artean aukeratu eta 50 euro ordaindu beharko dute tatuaje bakoitzeko. Batutako diru guztia gaixotasun arraroak eta diagnostikatu gabekoak dituzten umeen alde lan egiten duten Berritxuak eta AFESD elkarteentzako izango da.

Larunbateko ekitaldia goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:00etan amaituko da Astelena frotoian. Euskal Herriko leku askotatik eta Aragoitik etorriko diren tatuadoreak David, Dani, Ioritz, Manolo, Txis, Andoni, Adrian, Cley, Mosca, Jorge, Peter, Ruth, Nestor, Fat eta Eibarko Ara Tatoo estudioko Javi Garcia dira. Egun osoan lanean jardungo duten tatuadure guztiek musutruk egingo dute lan eta produktuak saltzen dituzten marka batzuk ere lagunduko dute, tatuajeak egiteko materiala doan emanda. Gainera, udalaren eta herriko hainbat taberna eta enpresaren laguntza izango dute. Tatuadore batzuk hasieratik kolaboratzen dute ekitaldiarekin eta urtero tatuadore berriren bat etortzen da. “Oso gustora etortzen dira. Parte hartu nahi dutela esateko deitzen digute askok, eta esan beharra dago etortzen diren gehienek denbora mordoa daramatela profesio honetan”.

Laguntza guztiari esker “posible izango da tatuaje bakoitzeko jasotako 50 euroak oso-osorik BERRITXUAK eta AFESD elkarteei laguntzeko izatea”, azaldu digu antolaketa lanean buru-belarri diharduen Javi Garciak. “Diseinuak nahiko txikiak izango dira, azkar egiteko modukoak. Azken finean, helburua ahalik eta tatuaje gehien egitea da. Aurreko edizioetan ilarak egon izan dira, baina iaz jende guztia bere tatuajearekin ateratzea lortu genuen, nahiko arin joaten da dena. Tatuadore bakoitzak aurretik 10 eta 20 diseinuren artean izango ditu prestatuta eta bezeroek horien artean gustokoen dutena aukeratu ahal izango dute frontoian sartu bezain laster”. Astelenan sartzeko 2 euroko sarrera ordaindu beharko da, eta barruan haurrentzako ekitaldiak. DJ-ak eta barra txiki bat egongo dira.

Hirugarren edizioa da aurtengoa. Lehenengoa Untzagako Jubilatu Etxean egin zuten. Oso gustora egon ziren bertan eta Jubilatu Etxekoak primeran portatu ziren eurekin, baina lekua txiki geratu zitzaien eta iaz Astelena frontoian egin zuten. Larunbateko ekitaldia ere Astelenan egitea erabaki dute eta aste honetan buru-belarri dihardute azken gauzak lotzen. “Egun hauetakoa zoramena izaten da. Gauza asko lotu behar dira. Tatuadoreak kanpotik datoz, dena koordinatu behar da, diseinu guztiak eta azpiegitura prest egon behar dira…”. Dena dela, lanak merezi duela argi daukate bai Javik bai Estíbaliz Blancok (AFESD) eta Susana Carrey-k (BERRITXUAK). Iaz 200 bat tatuaje inguru egin zituzten eta bihar kopuru hau handitzea espero dute: “Aurten ere elkarte hauei laguntzen jarraitzeko ahal dugun guztia egingo dugu eta diru-bilketa handitzea espero dugu”.

tatuajeak kartela

Tatuajeak 2 Haurrentzako jarduera ugari izango dira.

tatuajeak 3 15 tatuadore egongo dira. Bakoitzak 10 bat diseinu eskainiko ditu eta bezeroek 200 diseinuren artean aukeratu ahal izango dute.

 

tatuajeak4 Ahalik eta tatuaje gehien egitea da helburua. Beraz, azkar egiteko modukoak izango dira. Bakoitzak 50 euro balioko du.