Tonu guztietako urdinak autismoa dutenen alde domeka honetan

Tonu guztietako urdinak autismoa dutenen alde domeka honetan
2019/03/29 eta kitto!
Urdin elektrikoa, errege urdin, itsas urdina, heraldikoa, ziana, turkesa, zeru-kolorea, akuamarina... urdinak tonu ezberdinak ditu, eta ñabardura guztietako urdinak bilduko dira Eibarren domekan, hilaren 31an, Autismoaren Espektroko Nahasmenaren (AEN) barruan existitzen den dibertsitatea irudikatzeko. ‘Urdin bat, urdin anitz’ goiburuarekin desberdintasunaren apologia egingo dute, AEN-ren barruan existitzen den dibertsitatearen isla. “Denok gara ezberdinak eta gure aniztasunean bat egiten dugu”.

 

Gautenak, autismoa duten senideen Gipuzkoako elkarteak, Urdinduz eguna antolatu du domekan Eibarren, apirilaren 2an ospatuko den Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Egunaren harira. Autismoaren aldeko ibilaldi solidarioa egingo da 11:30etik aurrera Untzaga plazatik, autismoaren inguruan gizartea sentsibilizatu eta kontzientzia hartzeko. Gero, herriko kaleak zeharkatu ondoren, ibilaldia Untzagara iritsiko da berriz 14:00etan.

Ekimen honetan parte hartuko dutenek urdinez jantziko dute herria, eta amaieran sagardoa, pintxoak, eskulanak, photocall eta puzgarriak egongo dira Untzagan. ‘Marea urdina’ abestiak girotuko du eguna eta, horrez gain, Auritz musika taldeak ikuskizuna eskainiko du Oishi tabernan 13:00etan. Taldeak ‘Auritz, laino eder hori’ proiektua aurkeztuko du, AEN duen ume baten istorioa kontatzen duen lana.

Porrotx eta Marimotots pailazoek, Sara Cozar aktoreak, Zaloa Urain Kokein musika taldeko abeslariak eta Markel Susaeta Athletic Clubeko jokalariak babesa eskaini diote Urdinduz egitasmoari, eta jendea domekako ibilaldian parte hartzera gonbidatu dute sare sozialetan partekatutako mezuekin.

Gautenak 2014an jarri zuen martxan Urdinduz eguna eta, harrezkero, Gipuzkoako hainbat herrik jaso dute urtero autismoaren aldeko ibilaldia. “AEN duten haur eta helduen bizi kalitatea hobetzen laguntzea da helburua”, egitasmoaren arduradunen berbetan, “bizitza betea eta zoriontsua izan dezaten”. Horretarako berebizikoa da gizartean AEN-ren inguruko kontzientzia piztea, sentsibilizazioa handitzea eta desoreka hau duten pertsonek egunerokotasunean dituzten mugak zeintzuk diren jakinaraztea.

 

Hamar eraikin urdin

Urdinduz eguna antolatzeaz gain, Gautenak beste erronka bat dauka apirilaren 2rako: Gipuzkoako hamar eraikin urdin kolorez argiztatzea. ‘Light It Up Blue’ (LIUB) izena du egitasmo honek eta Autism Speaks erakundeak bultzatzen du mundu mailan, AEN duten pertsonei eta beraien familiei elkartasuna adierazteko.

Hiru gako ditu egitasmo honek. Batetik, gizataldea ikusgai egiten laguntzen du eta autismoa duten pertsonen ezagutza eta tolerantzia bultzatzen du. Bigarrenik, AEN duten pertsonen talentua eta gaitasunak ospatzen ditu. Eta hirugarrenik, autismoa duten pertsonen beharrak aditzera ematen ditu.

 

Gautena Eibarren

Euren seme-alabek laguntza beharrak zituztela ikusten zuten gurasoek sortu zuten Gautena 1978an. Gipuzkoa osoan eskaintzen ditu zerbitzuak eta Eibarren zentro bat dago Argatxa kalean (16. zenbakian). Diagnostiko eta tratamendu zerbitzua, hezkuntza zerbitzua, eguneko arreta zerbitzua, etxebizitza zerbitzua, aisia eta denbora librea, familientzako laguntza zerbitzua eta elkarte ekintzak eskaintzen ditu.

Gautenarekin kontaktuan jarri nahi izanez gero, 943 70 21 16 edo 943 21 53 44 telefonoetara deitu, info@gautena.org helbidera idatzi edo www.gautena.org webgunera jo daiteke.