Transexualitatea despatologizatzeko beste urrats bat eman du Eusko Legebiltzarrak

Transexualitatea despatologizatzeko beste urrats bat eman du Eusko Legebiltzarrak
2019/06/28 eta kitto!


ARGIA-k atzo (ekainak 27) argitaratutako albistearen arabera, NAIZEN elkarteak “emozioz” hartu du Eusko Legebiltzarrean onartu den neurria. 2012ko Trasexualitatearen Legearen 3. artikulua aldatu eta medikuaren diagnostikorik edo psikologo nahiz psikiatraren txostenaren beharrik ez dute izango pertsona transexualek, diren bezala onartuak izateko.EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PSEk aurkezturiko ekimenaren testuak nabarmentzen duenez nazioartean  eta agenda politikoan “transexualitatearen despatologizazioaren tematika hazi egin da” eta horren ondorioa da honako aldaketa. “Garaipen hau zuena da” esan die Oihana Etxebarrieta EH Bilduko ordezkariak hemizikloaren goialdean begira zeuden transexualen ordezkariei.

Ekimena babestu duten alderdi guztiek nabarmendu dute aurreranzko pausoa dela lege proposamena. Hala ere, Elkarrekin-Podemoseko eledun Eukene Aranak kezka azaldu du eskuin-muturraren gorakadak halako aurrerapausoak zapuztu ditzakeelako.

PPren abstentzioa

Hain zuzen, PP alderdi kontserbadorea izan da trasenxualitatea despatologizatzeko proposamenari baiezkoa eman ez dio bakarra, bere abstentzioarekin. Laura Garridok aitortu du ez dela “gaixotasun” bat, baina pertsona transexuala hala dela “egiaztatzeko” oraingo legeak jartzen duen baldintza “garantista” iruditzen zaio popularrari.

Naizen elkarteko kideak pozik azaldu dira emaitzarekin eta PPren jarreraren aurrean ere baikor agertu dira: “Ez da kontra agertu, eta oraingo abstentzioa biharko baiezkoa bihur liteke”, azaldu du Arkaitz Ibarzabal Naizeneko bozeramaileak.

Transexualitatearen despatologizazioan urratsak apurka ematen ari dira bertako zein nazioarteko erakundeetan. Adibide gisa Munduko Osasun Erakundeak duela urtebete hartutako erabakia: gaitz psikologikoen zerrendatik atera zuen transexualitatea, baina “genero inkongruentzia” gisa izendatu, norbanakoen arteko aniztasun adierazpen bat dela onartu beharrean, LGTBI kolektiboek eskatzen duten moduan.

Nafarroa izan liteke beste kasu bat: haur transexualekin lan egiten duen Chrysallis elkarteak ARGIAri azaldu zion moduan, lege aitzindaria du, baina oraindik "gaur egun osasungintzan ematen den arreta guztiz patologizatzailea da".

Pertsona transexualen ordezkari ugari hurbildu da Eusko Legebiltzarrera garaipena ospatzera (arg: Aitzole Aranetak Twitter bidez) Pertsona transexualen ordezkari ugari hurbildu da Eusko Legebiltzarrera garaipena ospatzera (arg: Aitzole Aranetak Twitter bidez)