Trizikloan paseatzeko aukera izango da Egogain egoitzan

Trizikloan paseatzeko aukera izango da Egogain egoitzan
2023/03/14 eta kitto!

Udaberritik aurrera, Gipuzkoako 18 egoitzatan trizikloan egiteko irteerak antolatuko dituzte. Martxoaren 25ean hasiko dira irteerak, tartean, Egogain egoitzako bizilagunek ere izango dute horretarako aukera. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizikletaz Adinik Ez elkarteak sinatu duten hitzarmenari esker egingo dute ekimena.


2016tik, Bizikletaz Adinik ez elkartearen eskutik, ibilaldi solidarioak egiten dituzte hainbat eskualdetan, batik bat, Donostialdean. Gidari boluntarioek lagunduta, trizikloak baliatuz egiten dituzte ibilaldiok.

Orain, trizikloan ibilaldiak egiteko aukera eskualde gehiagotara zabaltzeko hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizikletaz Adinik ez elkartearekin. Haren bitartez, Gipuzkoako 18 egoitza bisitatu eta trizikloan ibilaldiak egingo dituzte.

18 egoitzatan


Martxoaren 25ean hasiko dira irteerak, Zarauzko egoitzan. Ondoren, honako egoitzatan egingo dituzte:  San Gabriel (Hondarribia), Gurutze Gorria (Irun), Jesusen Bihotza (Errenteria), Zorroaga (Donostia), Alai Etxe (Donostia), Berio (Donostia), San Pedro (Pasaia), Iurreamendi (Tolosa), Uzturre (Tolosa), San Jose (Ordizia), Txindoki (Lazkao), San Juan (Zestoa), Gisasola (Zestoa), Santa Ana (Zarautz), Egogain (Eibar), Mesedetako Ama (Soraluze), San Martin (Oñati), eta Jose Arana (Eskoriatza).

Ekimenaren aurkezpenean, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu zuen triziklo horiek eta gidatzen dituztenek erakusten dituztela Gipuzkoako gizartearen “balio hoberenetakoak”, hala nola, “gizarte konpromisoa, errespetua eta belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko harremana, eta ingurumenarekin kontaktuan egotea”, gaineratuz, ekimena boluntario modura egiten dutela, “mugikortasuna, zahartze aktiboa, ingurunearekiko errespetua, osasuna eta pertsona ororen ongizatea” bultzatuz.

Bizikletaz Adinik Ez elkarteko presidente Begoña Callejak, berriz, gogorarazi zuen garrantzitsuena ez dela helmuga, baizik eta konpainia, sortzen diren harremanak, pertsonen arteko hurbilketa eta jarduerak sortzen duen ongizatea.

Bizi-kalitatea hobetzeko


Bizikletaz Adinik Ez elkarteak  irteerak antolatzen eta koordinatzen dituzte “trizikloetan, boluntariotzaren bidez, esperientziak eta giza harremanak sortuz, betiere adinekoen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin”.

Albiste osoa hemen klikatuta dago irakurgai.