Txertaketari buruzko hitzaldia emango du zapatuan Juanjo Martinez zirujau irundarrak Elgoibarren

Txertaketari buruzko hitzaldia emango du zapatuan Juanjo Martinez zirujau irundarrak Elgoibarren
2022/01/25 eta kitto!
COVID-19aren kudeaketari buruzko iritzi kritikoa duten elgoibartar eta mendarotarrek osatzen duten Iratzargailua taldeak txertaketari buruzko hitzaldia antolatu du zapaturako Elgoibarren. Juanjo Martinez zirujau irundarra arituko da berbetan, 12:00etatik aurrera Maalako parkean. Azaldu dutenez, “COVID-19ari aurre egiteko irtenbide bakarra txertoa dela sinestarazi nahi izan digute. Hala ere, geroz eta mediku, biologo eta osasun aditu gehiago ari dira txerto horien eraginkortasuna zalantzan jartzen, txertoek albo ondorioak eragiteaz gain, sistema immunitarioa jaisten dutela salatuz”. Horietako bat da Juanjo Martinez eta hitzaldian gaur egungo egoerari buruzko bere iritzia azaldu eta jendearen galderak erantzungo ditu”.

Iratzargailua izeneko taldeak deituta, elkarretaratzea egin zen Elgoibarren aurreko barixakuan eta, bertan esandakoaren arabera, “taldea iritzi eta ideologia askotariko jendez osatua dago, txertatuak eta txertatu gabeak daude taldean, eta batzen gaituena elkarrekiko errespetua da”.

ARGAZKIA: BARREN.EUS