Etiketazko arropa eraldaketa sozialerako

Debabarreneko hainbat gaztek Etiketa Beltza marka sortu dute
Etiketazko arropa eraldaketa sozialerako
2026/04/24 09:32
Ekhi Belar Errasti

Moda adierazpen modu bat da. Orokorrean, guk erabakitzen dugu zein arropa eta osagarri erosi eta zer jantzi. Gauza horietan asko pentsatu ala ez, garena edo erakutsi nahi duguna azaltzeko era bat da. Beraz, modak badu bere garrantzia, zentzu askotan. Debabarreneko gazte talde batek Etiketa Beltza marka sortu du, ez bakarrik euren gustuko arropa egiteko, baizik eta eraldaketa soziala bultzatzeko.

 

Hainbat lagunek osatzen dute Etiketa Beltza eta proiektuaren dinamizatzaileekin elkartu garen arren, taldearen izenean hitz egin digute egitasmoari buruz. Txontako lokal batean du egoitza proiektuak eta han batu gara eurekin. Sorkuntzarako toki, biltegi eta beste hainbat funtzio betetzen ditu, eta Beleko tabernan egindako lehen salmentan sortutako mural bat dute paretean, mezu ederrekin.

Etiketa Beltza, ostera, ez zen Txontan jaio, Debegesan baizik. “Eibarko Udalarekin eta Kalexka Elkartearekin elkarlanean, eta proiektuaren koordinatzailea izan zen Kutxa Fundazioaren laguntzari esker garatu da, ‘Erronka ekosozialeko aliantza’ proiektuen esparruan”, dinamizatzaileek kontatu digutenez. “Debegesarekin bi urteko proiektua abiatu genuen 16 eta 19 urte arteko gazteekin lan egiteko, batez ere Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutukoekin.

Ekimen ezberdinak egin genituen eta, proiektua amaitzear zenez, horri jarraipena emateko ideiak pentsatzen hasi ginen. Orduan, zenbait proiektu etorri zitzaizkigun burura (‘Inor ez da ilegala’ eta Bartzelonako ‘Top manta’ proiektuak, kasu) eta horrelako zerbait egitea pentsatu genuen”.

 

Kontzientzia soziala abiapuntu

Gazteek oso ondo hartu zuten dinamizatzaileen proposamena eta joan den udan hasi ziren ideiak garatzen, baina gazteleraz esaten den bezala, ez da izan ‘coser y cantar’.

Formakuntza jaso zuten, eta ez bakarrik arropa nola egin eta marka bat nola eraiki ikasteko. “Hasieran, kontzientzia sozialari eman genion garrantzia”, azpimarratzen dute dinamizatzaileek. “Zer gertatzen zaien galdetu genien. Izan ere, eurei askotan leporatzen zaie euren jokabidea gatazkatsua dela, besteak beste, baina askotan eurek jasotzen dutena ere biolentzia da: gorrotoa, eurengana hitz gogorrekin hurbiltzea... eta eurek berdin erantzuten dute. Asko hitz egin genuen horren inguruan: arrazismoa zer den, matxismoa, klasismoa, zer esan nahi duen euretako batek modu batean janzteak eta txuri batek berdin janzteak... Ondo ulertu zuten zer zen gertatzen zitzaiena eta hori izan zen abiapuntua”.

Hasierako pauso hori oso garrantzitsua izan zen proiektuarentzat. “Kontzientzia soziala landu gabe, ez luke zentzurik izango”, euren ustez. “Gure helburua eraldaketa sozialerako proiektua sortzea zen eta, batez ere, eraldaketa gazteen aldetik sortzea. Eta ez edozein gaztetatik, gazte hauen aldetik baizik, askotan gatazkatsu esaten zaien horietatik”.

 

Batzen gaituen marka

Proiektuan parte hartzen duten gazte gehienak arrazializatuak dira. “Hemen jaiotakoak, baina azal-kolore ezberdinarekin edo ez dakit nolako izenarekin, eta horrela sortzen dira aipatutako biolentzia-prozesu horiek, bazterkeria, estigmatizazioa eta horrek dakartzan arazo guztiak”, dioskue. “Arrazializatuez gain, txuriak ere badaude taldean, baina beste biolentzia-mota batzuk jasaten dituzte: bazterkeria ekonomikoa eta soziala, adibidez. Beraz, proiektua ez dago tipologia batean zentratuta, irekia izan da”.

Gizarteak, askotan, etiketa jakin batzuen azpian kokatzen ditu gazte hauek eta, hain zuzen ere, hortik etorri ziren proiektuaren izenaren ideia eta leloa: ‘Etiketa Beltza’, ‘Hemen jaioa’. “Normalean, luxuzko objektu eta produktuak lotzen dira etiketa beltzarekin, baina pertsonei buruz ari garenean, ‘beltza’ berba mespretxuz erabiltzen da. Horrekin jolastu nahi genuen. Bestalde, gazte hauei beti jartzen zaizkien etiketak agerian laga nahi genituen, ez zaielako gazte bezala ikusten, baizik eta ‘moroa’, ‘latinoa’, ‘gatazkatsua’... bezala. Orduan, geure buruari etiketa guk geuk jartzea erabaki dugu”, dioskue izenari buruz. “Eta ‘Hemen jaioa’ leloari dagokionez, kolore bat edo beste izan, guztiok barne hartzen gaituelako zerbait delako gustatu zitzaigun. Denok batzen gaituen marka sortu nahi izan dugu”.

 

Hiru bilduma

Proiektuaren dinamizatzaileak gazteen lagun bihurtu dira, baina hori guztia aurrera ateratzeko lana serio egin behar izaten dute eta gazteek ondo erantzuten dute. “Euretako askorentzat lehen bizipena da lokal bat edukitzen, horrelako proiektu bat sortzen, horrek duen ardurarekin...”, dioskue.

Izan ere, gazteak arduratu dira arropa sortzeko prozesu osoaz. Eurek egin dituzte diseinuak, erabaki dute zein produktu egin, zein kolore erabili...

Horrela, euren gustuko marka eta produktuak sortu dituzte. “Hiru bilduma sortu ditugu kamisetekin, jertseekin, gerriko poltsekin...”, dioskue. Hauek dira bildumak: “’Bazterrak’, sistematik at dauden kolektiboak biltzen dituena; ‘Aske’, Palestina babesteko; eta ‘Bideak’, migrazioaren bideen erakusgarri”. Gainera, produktuen kalitateari ere asko begiratu diote, ez zutelako edonolako zerbait egin nahi.

 

Irabazi asmorik gabe

Beleko tabernan egin zuten lehen salmenta martxoan eta oso harrera ona eduki zuen. “Lagun asko etorri ziren, baina baita proiektua ezagutzeko eta arropak erosteko gogoa zuen jende asko ere”, euren berbetan. Gainera, proiektuko kideentzat oso egun zirraragarria izan zen eta egun horretan beste hiru lagun batu ziren proiektura. Horrela, 35 lagun inguruk osatzen dute taldea gaur egun.

Proiektua lantzen hasi zirenek horren berri eman dute euren inguruan eta lagun gehiago joan dira batzen. “Hasieran eskolako ikasleak etortzen ziren, baina zabaldu egin zen eta lagunik ez duen norbait etorri da, edo planik ez zuen norbait... Hori ere bazen helburuetako bat: talde-iraunkortasuna eskaintzea. Izan ere, parte hartze duten askok ez dute sozializatzeko talderik edo lagunik”, kontatu digute.

 

Taldearen indarra ezinbestekoa

izango da proiektuak aurrera egiteko eta, talde izaera sustatzeko, irteeraren bat egiteko asmoa dute. Horretarako erabili nahi dute salmentekin irabazitako dirua, irabazi asmorik gabeko proiektua delako.

Maiatzaren 17an, Beleko tabernan egongo dira berriz ere produktuak saltzen, eta Txontan eta herriko beste hainbat gunetan ekintzak egin nahi dituzte. Euren sare sozialetara adi egon: @etiketabeltza.