Txertatzeko askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioa deitu dute biharko Donostian

Txertatzeko askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioa deitu dute biharko Donostian
2021/01/11 eta kitto!
Osasuna eta Eskubideak, Koroa Biluzik eta Euskadiko Osasun-langile taldeek deituta, bihar (martitzena, urtarrilak 12) 19:00etan kontzentrazioa egingo da Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, honako hauek errespeta daitezen eskatzeko: txertaketa askatasunerako eskubidea, adinekoen arretarako zentro pribatuen arduradunen kontzientzia eragozpen eskubidea eta txertatu aurreko  protokoloak jarraitu eta sinatzea. Azaldu dutenez, “protokolo horiek jarraitzeak herritarrei beharrezko bermeak emango lizkieke ondorio kaltegarrien aurrean. Izan ere, gutxi esperimentatutako sintesiko sendagai baten aurrean gaude, medikuen presentzia barik masiboki jartzen ari dena.

Txertatzeko askatasunaren alde gaude, baina legea betetzea nahi dugu, hau da, txertoa jarri nahi duten pertsonek aldez aurretik bete ditzatela Baimen Informatuaren eta Txertaketarako Galdetegia, 41/2002 Legearen arabera nahitaezkoa den bezala ("Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen ditu legea)”. Euren iritziz, “soilik medikuak eta berme asistentzialak dituzten osasun zentro publikoetan eta adinekoen egoitzetan txertatu beharko litzateke”.

Horrekin batera, euren gaitzespena azaldu nahi dute, Gipuzkoan “beharrezko bermeak izan gabe eta legea bete gabe, eguneko zentroetan eta adinekoen etxeetan txertoa masiboki jartzearen alde gertatzen ari diren presioen –mediatikoak gutxienez-  aurrean”.